«Itzela eta biribila» izan da Aste Nagusia Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen esanetan. Atzo egin zuten jaien balorazioa Nerea Txapartegi Donostiako Udaleko Kultura ordezkariak eta biek, eta balantze positiboa egin zuten. «Kaleak jendez gainezka egon dira, giroa aparta izan da, eta gu poz pozik gaude», esan zuen alkateak.
Txistularien alardea izan da bertan behera utzi duten ekitaldi bakarra, euria hasi zuelako. Dena den, irailaren 7an egingo dute, Euskal Festen egitarauaren barruan.
Jendeak parte hartzeko jaiakegitea lortu dute, Txapartegiren esanetan, eta hurrengo urteetan ere horretan saiatuko dira. Udalak emandako datuen arabera, 760.000 lagunek parte hartu duteAste Nagusiko ekitaldietan, eta iaz baino bisitari gehiago jaso ditu hiriak. «Guztira, 15.100 turista inguru etorri dira; erdiak baino gehiago, Espainiaz kanpokoak». Suek erakartzen dute jende gehien.
Aste Nagusian bertako gauzak bultzatzea izan da udalaren helburuetako bat. Hala, bertako produktuen azoka; sagardo azoka, Katalunia plazan; eta pala txapelketa antolatu dituzte. Txapartegiren hitzetan, «oso jendetsuak» izan dira ekitaldi horiek.
Euskararen presentzia ere nabarmendu dute. Egunero euskarazko antzerkia eskaintzea izan da udalaren apustuetako bat, eta erantzuna «oso ona» izan da. Bejondeigula eta Bodologuak antzezlanak egon dira ikusgai, egunero.
Saguesko kontzertuetan ere, gainontzeko ekitaldietan bezala, bertako taldeen aldeko apustua egin dute aurten. Txapartegiren arabera, «euskal kultura islatzea da helburua, bertakoek goza dezaten, eta kanpokoek hemengo kultura nolakoa den ikus dezaten». Zea Mays, Doctor Deseo eta Ken Zazpiren kontzertuak izan dira jendetsuenak.
Oposiziokoek kritikatu duteSaguesko kontzertuak «barrura begira» antolatu dituztela. Txapartegiren esanetan, ordea, datuak begiratu besterik ez dago kontzertuetan jende asko ibili dela ohartzeko. Dena den, datorren urtean saiatuko dira nazioarteko talderen bat ere ekartzen. Udalaren lanaz gain, ordea, Donostiako Piraten lana ere goraipatu zuen Izagirrek. «Hamar urtean kolorea eman diete jaiei, eta aurten ere izugarrizko arrakasta izan dute. Zorionak, eta bejondeizuela». Aurten piratek eman dute jaien hasierako kanoikada, eta alkatearen hitzetan «ikaragarria» izan zen alderdi politiko guztiek piratekin batera Artillero abestea.
Hasiera berezia izan zuten jaiek, baina baita amaiera ere. Larunbateko ikuskizun piromusikalak «emaitza ikusgarria» izan zuen, Txapartegiren arabera; «antzokiak merezi zuen bezalakoa».
Udala, zezenketen aurka
Aste Nagusian Illunben egiten diren zezenketek zeresan handia eman dute. Aurtengoak azkenak izan daitezela eskatu dute hainbat elkartek. Izan ere, udalak ez dauka hemendik aurrera Illunben zezenketak egitera behartzen duen inongo hitzarmenik sinatuta. Eta alkatearen esanetan, sinatzeko asmorik ere ez dute oraingoz. Dena den, ez da ausartu hurrengo urtean zezenketarik ez dela egingo baieztatzera. «Bihar bertan zer gertatuko den ere ez dakit».
Hala ere, Izagirrek argi utzi du alderdiaren jarrera zezenketen aurkakoa dela. «Animalien torturak ez du ikuskizun publikoko parte izan behar». Horregatik, beste erabilera bat eman nahi diote Illunberi; esaterako, kirol ekitaldiak egiteko. «Hori ez litzateke bateragarria izango zezenketak egitearekin». Dena den, arrazoia ekonomikoa ere badela dio Izagirrek: «Ezin da zezen plaza bat mantendu urtean zazpi zezenketa egiteko».
Bestalde, zezenketak bertan behera uztearen aurka agertu dira PP Alderdi Popularra eta PSE-EE Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra, zezenketek Donostiara jende ugari erakartzen dutela argudiatuta. Alkatearen esanetan, ordea, beste garai batzuetako kontuak dira horiek. «Zezenketak ez dira Aste Nagusiaren ardatza. Saltzen diren sarrera kopuruari begiratu besterik ez dago».
Aste Nagusi «biribila»
Aste Nagusiari buruz balorazio ona egin du Donostiako alkateak; urtero bezala, suak izan dira jende gehien bildu duen ekitaldiaUdalak ez du Illunben zezenketak egiteko hitzarmenik sinatuko; oposizioa aurka du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu