Jaiak. Elorrio

Aste osoko ospakizuna

'Ferixa Nagusikoak' jaietako egun nagusia gaurkoa bada ere, ekitaldiz betetako astea izango dute elorriarrek

Haurrek asteartean izango dute beren eguna. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Irail hasierako jairik ospetsuenak Lekeitiokoak badira ere, Bizkaiko beste hainbat herri ere festetan daude. Elorrion atzo hasi zituzten jaiak, eta aste osoan hainbat ekitaldirekin gozatzeko aukera izango du Durangaldeko herri horretara joaten denak.

Gaurkoa dute festetako egun handia Elorrion, azokaren eguna. Abere eta nekazaritza azoka 10:00etan irekiko dute, Feriagunean. Euskal Herrian ohitura handia izan du baserri giroak, eta, horrekin bat egiteko, eguna baserritarrez jantzita igarotzeko deia egin dute antolatzaileek. Goizean kalera irteteko aukera bakarra, ordea, ez da azoka izango. Musika doinuak lagun hartuta, kalejira antolatu dute Elorrioko Txistulariek.

Arratsaldean, kirol ekitaldiek hartuko diete lekukoa txistulariei: pilota partidak jokatuko dira, 17:30ean. Iluntzeko zazpietatik aurrera musika eta dantza erakustaldia izango da herriko plazan, eta 20:00etan Los Txikis taldearen eskutik bilbainada eta habanerak entzuteko parada. Gauean, 22:30ean eta herriko plazan, Deabru Beltzak taldeak kale animazioa erakutsiko du. Jamaikako orkestrak izango du egunari bukaera emateko ardura.

Kuadrillen Eguna, bihar

Herriko kuadrillen eguna izango da biharkoa. Bazkaria 14:00etan izango dute, eta, arratsaldeko seietan, El Punto Canalla txarangarekin herriko plazaraino jaitsiko dira. Enparantzara iristean, kuadrillen arteko jolasak izango dira. Ekitaldi jendetsu eta parte hartzailea izaten da kuadrillen arteko jolasena. Gauean, Abiba taldeak ikuskizuna eskainiko du enparantzan, 23:00etan hasita.

Elorriok festa giroari aste osoan eutsiko dio. Asteartean haurrak izango dira festetako ardatza. Erromeria eta Euskal Karaokea izango dituzte, beste hainbat ekitaldiren artean. Asteazkenean eta ostegunean atsedena hartzeko modua izango dute herritarrek, egun lasaiagoak izango baitira. Asteazken arratsalderako ginkana etatxokolatada antolatu dituzte, eta ostegunerako dantzaldia eta idi probak. Ostirala erretiratuen eguna izango da; eguerdian meza izango dute eta ondoren hamaiketakoa.

Asteburuarekin bukatuko dira Elorrioko festak. Larunbatean sukalki eguna, kale antzerkia eta erromeria iragarri dituzte; iganderako herri kirolak, umeen danborrada eta bertsolariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.