Bete-betea dator lehiaketa zurien egutegia, eta iragan asteburua izan zen horren lekuko. Pirinioetako mendi zurituek eski modalitate desberdinetako lehiaketa bi hartu zituzten: mendi eskiko Luchongo Challengea —Euskadiko Txapelketa ere jokatu zen proba horretan—, eta iraupen eskiko Bereteko Marxa ezaguna. Bietan txukun aritu ziren euskal eskiatzaileak.
Bereteko Marxa izaten da, hain zuzen, Pirinioetan jokatzen den iraupen eskiko probarik jendetsuena. Igandean jokatu zen lasterketaren 32. ekitaldia, eta 1.250 eskiatzaile irten ziren, kategoria guztiak aintzat hartuta; haietako asko eta asko Euskal Herritik joandakoak. Eguraldi eguzkitsua izan zuten bidelagun, garairako beroa, baina elurra baldintza nahiko onetan izan zutela diote han izan zirenek. Elur falta tarteko, ordea, ibilbideak moldatu egin behar izan zituzten antolatzaileek.
Lasterketarik luzeenean, 42 kilometrokoan, Tolosako Rojo anaiak dotore aritu ziren. Vicenc Vilarrubla katalanak irabazi zuen lasterketa, baina gertu izan zituen rojotarrak. Ioseba Rojok eta Vilarrublak esprintean erabaki zuten garaipena, eta azken metroetan katalana azkarragoa izan zen. Imanol Rojok osatu zuen podiuma. Nabarmentzekoa izan zen, era berean, 10 kilometroko lasterketan Irungo Maialen Lopezek lortutako bigarren postua.
Tolosatik, Donostiatik, Iruñetik eta beste hainbat txokotatik joandako eskiatzaileek asteburu dotoreaz gozatzeko modua izan zuten Bereten.
Letamendi eta Zubizarreta
Mendi eskiko lasterketen egutegiari dagokionez, eta Altitoy arrakastatsuaren ondotik, igandeko Luchongo Challengea zuten begiz joa eskiatzaile askok: Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskadiko Txapelketa ere bazen. Challengea Wilfrid Jumerre frantziarrak irabazi zuen, eta haren atzetik bigarren helmugaratu zen Iban Letamendi. Ondorioz, EMFren txapela oñatiarrak jantzi zuen. Joseba Tobarrek laugarren bukatu zuen lasterketa, eta Juanjo Goikoetxeak hamabigarren. Emakumeetan Izaskun Zubizarretak irabazi zuen Challengea eta, bide batez, Euskadiko Txapelketa. Gazteen artean, Ander Sistiagak eta Lide Leibarrek jantzi zuten txapela, eta kadeteetan, Amaia Martinek.
Asteburu emankorra iraupen nahiz mendi eskian
Mendi eskiko Euskadiko txapelketa Letamendik eta Zubizarretak irabazi dute; Beret Marxan, Rojo anaiak dotore aritu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu