Asteburu on bat ordenagailu artean gozatuz igarotzeko asmoarekin gatoz». Hori da behin eta berriz egunotan Barakaldoko BECen ahoz aho errepikatzen dena. Ostiralean hasi eta bihar bukatu, 6.000 pertsona inguru bilduko dira hemeretzigarren urtez egiten ari diren Euskal Encounterren. Barakaldora etorri diren informatika zale askori urtea luzea egin zaie, baina azkenerako iritsi zaie desiratutako asteburua. Aurreneko aldiz etorri direnei ere «errepikatu beharreko esperientzia polita» iruditu zaie.
Ordenagailuen mundua atsegin dutenek Euskal Encounter jaialdira gerturatzeko arrazoi desberdinak izan ditzakete. Hainbatek filmak, telesailak eta musika deskargatzeko probestu dute. BECera laugarren aldiz etorri da Estefania, eta, dioenez, «etxean baino askoz azkarrago deskargatu daitezke. Niretzat deskargatzeaz gain, nire nebak ere hainbat abesti eskatu dizkit». Aurtengoa hirugarren urtea du Josuk: «Iaz ezagututako lagun batzuekin elkartu naiz. Urte osoan ez gara ikusi, eta begira non aurkitu garen berriz ere. Lagunak ikusteak ilusioa egin dit».
Adiskideak berriz ikusi edo lagun berriak egiteko asmoz etortzen dira Encounterrera. Ikerrek aurtengoa du aurreneko aldia. «Ni berria naiz, esperientziarik gabea nolabait esatearren. Lagun batzuk gonbidapena egin zidaten eta onartu egin nuen. Orain hemen nago, mundu berri hau ezagutzeko prest».
Encounterrera joaten den jendearen batez besteko adina 27 urtekoa da. Ikerren ustetan, «ordenagailuen fenomenoa urte gutxitako kontua denez, normala da hemen bildutako gehienak gazteak izatea». Emakume gutxi izaten dira bilkuran. Ordenagailuen mundua oraindik ere gizonezkoen eremua dela diote zenbaitek. Barakaldon bildutakoen portzentajeari erreparatuz gero, hala dirudi: gizonezkoak %89 izan dira, eta emakumezkoak, %11.
BECen elkartu den jendetza ahalik eta erosoen ibil dadin lan handia izan dute antolatzaileek. Hiru gune nagusi prestatu dituzte. Euskal Party deitutakoan arte digitala eta jokoen lehiaketak jarri dituzte. Bigarren guneak, Gamegune izenekoak, bederatzigarren aldia du aurtengoa, eta nazioarteko lehiaketetako profesionalak bildu dira han, besteak beste.
Hirugarren gunean, OpenGune izenekoan, hitzaldiak izango dira. 400 pertsonarentzako tokia egokitu dute antolatzaileek, eta «txiki geratuko» dela aurreikusi dute. Horren arrazoia gune irekia izatea da; ez da Encounterrean parte hartzen ari direnentzat eremu itxia. «Hitzaldiek gero eta arrakasta handiagoa dute. Iaz aurrenekoz antolatu genituen, eta izan zuen arrakasta ikusita, ez genuen inor OpenGunean sartzeko aukerarik gabe utzi nahi», azaldu du Aitor Ubarretxenak, Euskal Encounterreko komunikazio arduradunak.
Denetariko ordenagailuak
Baina, zalantzarik gabe, ordenagailuak dira BECera etortzeko erakargarria. «Partaideen ordenagailuak aretoaren erdialdean kokatuditugu, erdiguneak protagonismoa ematen baitu», argitu du Ubarretxenak. Ordenagailu horiek aldez aurretik erreserba egindako tokietan jarri dituzte. Kide bakoitzak beharrezkoak dituen loki eta sareak izango ditu eskura.
Baina, ordenagailuez gain, Euskal Encounterrak behar bezala funtziona dezan beste hainbat elementu beharrezkoak dira, ezinbestean. 120 kilometro kable, «Bilbon hasi eta Donostiara iristeko adina kasik», 55 kilometro kable elektriko eta hamar kilometro zuntz optiko gehitu behar izan dituzte. Interneten jendeak azkar nabigatu dezan, sare konexioak ohiko banda zabalerak baino 3.000 aldiz handiagoa izango du.
Egokitzapen guztiak baina, ez dira hor bukatzen. Jendeak lau egunetan atseden hartzeko eta lotarako gunea prestatu dute. Hala ere, komunikazio arduradunaren aburuz, «ez da izango arrakasta handieneko txokoa; ordenagailu zaleek lo askorik ez dutelako egingo». Kanpin denda eta lo zakuak jarriak dituzte gune horretan parte hartzaile askok.
Encounterrera etorritako gehienek urtetik urtera jaialdia hobetuz doala nabarmendu dute; urtero pauso bat aurrera egiten duela. Hemezortzi urtean pilatutako lanak eta esperientziak hori errazten eta ahalbidetzen du. Antolatzaileek urtero zerbait berria ateratzeko joera dute. Horren bidez parte hartzaileak txundituta uzteko asmoa dute, eta hainbatetan lortu dutela diote antolatzaileek. Iaz OpenGune izan zen berritasun nagusia. Dena dela, Ubarretxenaren hitzetan Euskal Encounterrak badu aurrera begira gainditu beharreko erronka handi bat: «Emakumeak ordenagailuen mundura gerturatu behar ditugu, eta horrelako ekitaldietan parte har dezaten erakarri».
Ezarian. Teknologia berriak
Asteburua ordenagailu artean
Ostiralean hasi eta bihar arte iraungo du Euskal Encounter 2011k, Barakaldoko BEC erakustazokan. Ordenagailuen festa handian 6.000 zale elkartu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu