ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Bigarren aukera bat erosi gabeko salgaiei

Nafarroa.

Inigo Astiz
2010eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Asteburu honetan, bigarren aukera bat izango dute orain arte inork erosi ez dituzten salgaiek Iruñean eta San Adrianen (Nafarroa). Stock azokak antolatu dituzte egunotarako bi herriotako dendariek, eta, beraz, ohi baino merkeago erosi ahal izango dituzte salgaiak.

Gaur, 17:00etan, irekiko ditu ateak Iruñeko azokak autobus geltoki zaharrean, eta igandera arte izango ditu irekita. Ostiralean eta larunbatean, 10:00etatik 21:00etara etenik gabe izango da martxan azoka, eta, igandean, 10:00etatik 14:00etara. Arropak, kirol materiala, larruz eginiko produktuak, oinetakoak, barruko arropa, bitxiak, opariak eta bestelako hamaika izango dira salgai.

Berrogeita bederatzi dendarik hartuko dute parte Iruñeko azokan, eta 21 erakusmahai sinple eta 27 erakusmahai bikoitz izango dituzte beren produktuak jendeari aurkezteko. Hirugarren aldiz egin dituzte azokak, eta urtero-urtero handitzen joan da parte-hartzaileen kopurua.

San Adriango azoka

San Adrianen Retegi II.a pilotalekuan izango da azoka. Herriko 16 denda izango dira beren produktuak saltzen. Larunbatean, 16:00etan zabalduko dute, 21:00etara arte, eta, igandean, 10:00etatik 20:00etara.

Erosketak egin ahal izateaz gain, zizka-mizkak dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren bisitariek, frontoian jarriko den tabernan tapak ere eskainiko baitituzte edariarekin batera.

'STOCK' AZOKAK

Non. Iruñean eta San Adrianen (Nafarroa).

Noiz. Gaurtik igandera arte, Iruñean; eta, larunbatean eta igandean, San Adrianen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.