ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Festa sagardoaren erritmoan

Arizkun.

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lana lana da beti, baina izan liteke musika ere. Euskal Herrian, kirikoketa da bi errealitate horien harremanaren adibideetariko bat. Sagarrak jotzeko erabiltzen den tresnaren izena da kirikoketa, izan ere, baina musika tresna gisa ere erabiltzen zuten sagardoa egiterakoan dolaretxetan zebiltzanek. Lotura hori berritzeko asmoz, antolatu dute Kirikoketa Besta Arizkunen (Nafarroa) larunbatean; sagardoa garai batean ohi zenez egin bitartean, festa ospatzeko; sagardoaren erritmoa berreskuratzeko.

XVIII. mendean egin ohi zenez arituko dira 11:00etatik aurrera sagardoa egiten Arizkungo Gamioxarreako dolaretxean. Lana izango da, bai, baina festa giroan egindakoa. Jo ala Jo kultur elkarteko kideek mazoak hartu, eta eskuz joko dituzte sagarrak, kirikoketa erritmoarekin. 1.000 kilo inguru joko dituzte. Jotako hori hartu, eta estutu egingo dute gero, jendeari zukua dastatzeko aukera eskaintzeko, lehenik, eta kupeletara sartzeko, ondoren. Eta lanak bukatuta direla adierazteko kirikoketa joko dute lanean aritutakoek etxeko larraineko paretan. Hor bukatuko dira dolaretxeko lanak, eta orduan hasiko da festa.

Lehenago ere izango da zerekin entretenitua. Batzuk lanean dabiltzan bitartean, Arizkunera gerturatzen direnek izango dute zer eginik. Pintxoak izango dituzte jateko, Nafarroako sagardoen dastatzea izango dute, eta baita desfilea ere herrian zehar. Astoa, sagardo garraioa, musikariak eta bestelakoak izango dira ibilaldi horretan giroa alaitzen. Dolaretxetik herrira mugituko da festaren erdigunea.

14:30ean bazkari herrikoia izango dute herriko pilotalekuan.Elizondoko Intza tabernan (Nafarroa), Erratzuko Zubipunta ostatuan (Nafarroa), eta Arizkungo dolaretxean bertan erosi ahalko dira txartelak.

Txalaparta eta rocka

Txalaparta saioa izango da bazkalondoan, 18:30etik aurrera. Faltzes (Nafarroa), Sara (Lapurdi), Arrotxapea (Nafarroa) eta Sestaoko (Bizkaia) txalapartari taldeak arituko dira, lehenik, joka, eta txalaparta librea izango da gero.

Dena ez da perkusio izango, ordea. Albokariak, fanfarrea, txistulariak eta Oberena taldeko dantzariak ere arituko dira herrian zehar festa giroko lan egun berezia alaitzen.

Gauera arte izango dira ekitaldiak pilotalekuan eta herri inguruan, eta kontzertuen tartea izango da gero. 23:00etan hasita. Berako (Nafarroa) Petti eta On Benito rock taldeak eta Gipuzkoa eta Bizkaiko txalapartariek osatutako Bizpalau taldeak izango dira taula gainera igoko direnak.

Hortik aurrera, behin sagardoa egiteko egin beharrekoak bukatuta, musikaz lagundurik, festari eustea, beste lanik ez dute izango Arizkunera joaten direnek.

KIRIKOKETA BESTA

Noiz. Larunbatean, 11:00etan hasi, eta gauera arte.

Non. Arizkunen (Nafarroa), XVIII. mendeko Gamioxarreako dolaretxe zaharberrituan goizez, eta herriko pilotalekuan arratsalde eta gauez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.