Garaio urtegi inguruak (Araba) kolorez jantziko dira asteburu honetan, urtero antolatzen duten Kometen Nazioarteko Jaialdian. Bertako eta kanpoko 200 parte-hartzailek baino gehiagok eman dute izena larunbatean eta igandean izango diren kometa hegaldietan euren teknikak aurkezteko. Horiekin batera, bazter guztietako zaleak elkartuko ditu jaialdiak. Lau Haizeetara elkarteak antolatutako hamahirugarren jaialdia izango da aurtengoa.
«Parte hartuko duten espezialisten artean sinkronizatutako hegaldia nabarmendu beharra dago, talde eta banakako mailetan, Espainiako onenak etorriko direlako», azaldu du Pablo Ibarrondo elkarteko lehendakariak. «Herritarren erantzuna eguraldiak baldintzatuko du, baina, urtero bezala, parte-hartzea handia izango da».
Kometa jaialdiaren xede nagusia zaleek euren kometak jai giroan ateratzea izango da, eta modalitateak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutaraztea; saioen artean, besteak beste, ikusleak kometa forma askotarikoak ikusiko ditu, freestyle erako erakustaldia, boddysurf, zeruko argazkilaritza, eta buggyekin egindako proba sorta ere izango da. Ekitaldiak 11:00etan hasi eta 19:00ak bitartean izango dira, larunbatean eta igandean. Nahi dutenek bertan bazkaltzeko aukera ere izango dute.
Ospakizuna
Egitaraua azaltzeko kartelean ikus daitekeenez, aurten atal berezia izango dute Revolution kometek, parte-hartzaileen artean iraultza izan baita azkenaldian. Haurrentzako, bestalde, 500 kometa egingo dituzte larunbat arratsalde eta igande goizeko lantegietan, eta puzgarriak ere prestatuko dituzte.
Igandean mundu osoan ospatzen den jaia egingo dute Garaion. One Sky One world (Zeru bat, mundu bat) lelopean, munduko hamaika bazterretan hegaldaraziko dituzte kometak. Bakea eta ingurumenarekiko errespetua eskatu nahi dute jarduera honen bitartez.
Parte hartzen ari diren talde guztiek, ekimenarekin bat, kometa zuri erraldoi bat mugiaraziko dute, 13:00etan. Asteburu guztiannahi duenak bakearen inguruko mezuren bat utz dezake idatzita horretarako prestatutako oihal batean, ondoren kometari lotuta mugitzeko.
KOMETA JAIALDIA
Zer. Kometa erakustaldiak,lehiaketak, lantegiak, haurrentzako jolasak...
Non. Garaion (Araba).
Noiz. Larunbat eta igandean.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Hegaldi koloretsua Garaion
Garaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu