ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Hotzarekin bat dator babarruna

Tolosa.

2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Babarrun beltza, babarrun gorria, babarrun zuria... Aukera handia dago babarrunetan. Aza eta txerrikiekin lagunduta, negurako menu ezagun eta ederra prestatzeko ohiturak tinko dirau oraindik ere etxe eta koadriletan. Berez, Amerikatik ekarritako produktua baldin bada ere, zilegi da esatea ederki euskaldundutako janaria dela.

Lekalea etxekotuta dagoela erakusteko, urtero legez, ekimenez betetako Tolosako Babarrunaren Astea antolatu dute. Egia esan, joan den larunbatean hasi ziren Beotibarren jokatu zen X. Mus Txapelketa Azkarrarekin, baina, ekimen gehienak datorren larunbatean eta igandean izango dira. Larunbatean Tolosan hasiko da egitaraua, eta astelehenean Donostian Tolosako Babarrunaren Egunarekin amaitu.

Tolosako Babarrun Elkarteak, Tolosako Udalak, Babarrun Kofradiak eta Gure-Kaiola gastronomia elkarteak antolatzen dute asteburua. Tolosako Babarrunen Elkartea 33 nekazarik osatzen dute, eta urtean, batez beste, 15.000 kilo babarrun ekoizten dituzte. Bi arrazoi nagusigatik erabaki zuten baserritar horiek elkartea sortzea: lekaleen jatorriarekin batera kalitatea bermatzeagatik eta horren salmentak areagotzeagatik. Denak marka berarekin saltzen dira, zaku txikietan, baina atzeko aldean jatorria ere agertzen da, herria eta baserria.

Asteburua bete-bete eginda

Goizean hasi, eta arratsaldera arteko egitaraua prestatu dute larunbat eta iganderako. Igandeko 08:00etan hasiko da ekitaldirik garrantzitsuena: Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa; 16:30ean banatuko dituzte sariak. Festa, ordea, larunbatean hasiko da, Tolosako Babarrunaren Ekoizleen lehiaketarekin. Ordubete geroago, azoka berezia jarriko dute; babarrunak, piperrak, txerrikia eta ardoa izango dira beste zenbait produkturekin batera. 10:00etatik 14:00etara kale animazioa eta umeentzako jolasak izango dira.

12:30ean mus azkarraren sari banaketa izango da, eta ordu erdi geroago, berriz, baba ekoizle onenarena. Jende gehien mugituko duen ekitaldia 15:00etan hasiko da; izan ere, alde zaharrean, bertako tabernariek eta Ezpeleta Ostalaritza Elkarteak antolatuta, 500 lagun ingururentzako bazkaria egongo da. Igandean ere herri bazkaria izango da.

BABARRUNAREN ASTEA

Non. Tolosan (Gipuzkoa) eta Donostian.

Noiz. Larunbatean hasi eta astelehenera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.