Jende askok uste du loreek beraien ingurua alaitzen dutela. Etxe batek landare batekin presentzia irabazten duela, eta norbait arduratsuago bihurtzen laguntzen dutela ere entzuten da. Hori hala baldin bada, herri bati ere ez lioke kalterik egingo kaleak landarez apaintzeak. Ondarroan, dirudienez, iritzi berekoak dira, eta Ondarroako Lore eta Landare Azoka prestatu dute larunbaterako, lehenengo aldiz.
Merkatu plazan ipiniko dute landare azoka, goizeko 11:00etatik 15:00etara bitartean. Herriko zerbitzu turistikoen osagarri gisa definitu dute antolatzaileek, Ondarroako Turismo Bulegokoek, eta gainerako zerbitzuak horrekin lotu nahi dituztela ere jakinarazi dute.
Lore eta landare apaingarriak, lore lehorrak, sendabelarrak, bonsaiak, kaktusak, xaboiak eta perfume naturalak erakutsiko dituzte, besteak beste. Hala ere, ekintza batzuk antolatzea erabaki dute, azoka biribilduko delakoan: xaboi naturala egiten irakasteko tailerra antolatu dute; lore lehorrak erabiliz orrazkerak egiten dituzten Mysterieuses Coiffures izenekoak bertan izango dira; eta pintxo bereziak eginez, tabernariek ere parte hartuko dute. Goiz guztian, Ondarroako Akordeoi Taldea ibiliko da beraien doinuekin azoka alaitzen. Larunbata ez da izango, ordea, loreekin zerikusia izango duen egun bakarra Ondarroan. Aste osoan, herriko zazpi emakumeren Movimiento taldeak graffiti eta margo lanak egingo ditu aste osoan Merkatu plazan. Bihar, berriz, lau ikastetxeetako ikasleek landareak landatuko dituzte, Agenda 21en barruan.
LORE AZOKA
Non. Ondarroan (Bizkaia).
Noiz. Bihar hasi eta larunbatera bitartean.
ASTEBURUKO PROPOSAMENAK. Loreekin apainduko dituzte kaleak
Ondarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu