IRAGAN MENDETIK PUBLIKOA DA. Ziudadelak eta hura inguratzen duten zelai berdeak XX. mendera arte erabilera militarra izan zuten, 1964. urtean Espainiako armadak Iruñeko Udalaren esku utzi zuen arte. Geroztik, kanpoko zelaietan erruz ibiltzen da jendea, dela paseatzen, lasterkan edo futbolean jokatzen. Ziudadela barruko eraikinak, berriz, erakusketak edo kultura ekitaldiak egiteko baliatzen dira.
Ziudadela XVI. mendean hiritik kanpo bazegoen ere, egun hiriaren erdian dago. Armada etorbidearen ondoan dago eta Gaztelugibel parkeak inguratzen du. Parkea Iruñeak duen zelairik handiena da, 275.000 metro koadro baino gehiagorekin.
Ziudadela bost puntako pentagono izartu perfektua zen, XX. mendearen hasieran, I. Zabalguneko etxeak eta Armada etorbidea eraikitzeko, hiri barrura begira zeuden San Anton eta Garaipen bastioiak bota zizkioten arte.
Ziudadela ezagutzeko egun osoa du bisitariak. Hara sartzeko ateak 07:30ean zabaltzen dira eta ez dira ixten 21:30ak arte. Bisita modu askotan egin badaiteke ere, ate nagusiko sarreratik hastea da errazena. Ate nagusia Armada etorbidean dago. Sartu eta bisitariak lorategi handi batekin eginen du topo. Lorategira iritsi aurretik ate nagusiaren gainean dagoen zaindariaren etxolara igotzeko aukera badago. Ziudadelatik kanpo zegoena kontrolatzeko egina izan zen eta egun Iruñearen erdigunea bista daiteke. Eraikin mordoa, zirkulazio handia eta jendea hara eta hona.
Handik jaitsi eta lorategian gelditzea komeni da. Parke lasaia da, zuhaitz txikiek lurra hartua dute eta abangoardiako eskulturak ere badira. Belardi-museo txiki bat dela esan daiteke. Bertan hainbat euskal artisten lanak ikus daitezke: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Vicente Larrea, Alberto Eslava, Ricardo Ugarte edo Imanol Agirreren lanak, besteak beste. Eskulturekin gozatu ondoren, Ziudadelan dauden eraikinak bisitatu behar dira. Lorategian sartu eta ezkerraldera dagoen bolborategitik has daiteke. Bolborategia da barruan dagoen eraikin zaharrena. 1694. urtean eraikia, artean bolbora gordetzeko erabiltzen zen, baina egun, gainerako eraikinak bezala, erakusketak eta ekitaldi kulturalak egiteko erabiltzen da. Horma sendoak ditu garaiko erasoetatik hobeto babesteko. Hortik Armen Aretora joan behar da. 1725ean eraiki zuten. Lau solairu ditu eta artilleria biltegi gisa erabiltzen zen. Eraikinetik atera eta erdian dagoen zelaia zeharkatu ondoren, Mistoen Aretoa dago. XVIII. mendean eraiki zuten eta jan-edanak gordetzeko erabiltzen zuten. Eraikin horren ondoan labea dago. Erdi zirkularra da eta Ziudadelan bizi zirenentzat ogia egiteko erabiltzen zen. Leihorik gabea, beste eraikinekin alderatuz txikia da eta abangoardiako instalazioak kokatzeko baliatzen da.
ATSEDEN HARTU ETA JOLASTEKO. Eraikinak ikusi ondoren, bisitariak atseden har dezake parkean dauden jarlekuetan, ur trago bat edan parke erdian dagoen iturrian edo haurrak kulunketan nola jostatzen diren ikusi. Edo Ziudadela inguratzen duten belardiak (garai batean glazisak izandakoak) eta lubanarroak bisitatzea da. Han ere bada zer ikusi. Horretarako hobe da ate nagusitik atera beharrean sorospen atetik ateratzea. Parkea gurutzatu ondoren dago sorospen atea, ate nagusiaren bestaldean. 1720an ekarria izan zen Andre Dona Mariako bastiotik. Ziudadela Gaztelu gibelarekin komunikatzen du, zuloen gainetik pasatzen den zubiaren bitartez. Eraiki zenean zubia altxagarria zen, baina gaur egun ez da mugitzen. Ate honetatik atera baino lehen, eliz kaperara sartzeko atea ere ikus daiteke. Ez da aparte dagoen eraikina. Kapera Ziudadelako paretan eraiki zuten eta egun ezkontza zibilak egiteko erabiltzen da. Horretarako irekitzen dute.
Sorospen atetik atera eta garai bateko glazisak daude, Ziudadela inguratzen duten zelai berdeak, alegia. Zelaiok paseatzeko eta kirola egiteko, edo lagunekin elkartzeko erabiltzen dituzte iruindarrek, batez ere eguraldi ona egiten duenean. Zuloetara jaitsiz gero, labirinto batean sartzen dela irudiko zaio bisitariari. Jendearen joan-etorriarekin urratutako bideak jarraituz gero Ziudadela kanpoaldeko harresi sendoak ikus daitezke, urmaelak, jostetan ibiltzeko pistak eta estali gabeko frontoia. Frontoia 1984an berritu zuen Udalak eta pilotan ibiltzeko aproposa da. Ez du argirik ez aldagelarik. Egunez bakarrik ibil daiteke.
Elur pilotei esker menderatua
Historiako hainbat pasadizoren lekuko izan da Ziudadela, baitaNapoleonen soldaduena ere.i. arrizurieta
Iruñea
Ziudadelako paretak eta harriak historiako gertakarien lekuko isilak izan dira. Bat aipatzekotan, duela bi mende Napoleonen tropek eraikin militarrera sartzeko erabili zuten martingala gogora dezake bisitariak. 1808ko otsailaren 16an gertatu zen. Artean Iruñeko Ziudadelak menderaezina zirudien penintsularen iparraldean ez baitzegoen horrelako besterik. Felipe II.ak eraikiarazitako Gaztelu pentagonala ehunen bat soldadu frantziarrek hartu zuten, setio beharrik gabe eta tiro bakar bat egin gabe, elur piloten «gudatxo bat» antzeztuz. Jose Maria Jimeno Jurio historialariak Independentzia Gerraz idatzitako liburuan dioenez, Ziudadela garaitzeko munduan ez zela armadarik pentsatzen zuten iruindarrek. Elur-piloten gertaera Carlos IV.ak emandako agindu baten ondoren gertatu zen. Erregeak Napoleonen armadari baimena eman zion Penintsula zeharkatzeko Portugal inbaditu zezan. D'Armagnac jeneral frantziarraren tropak otsailaren 9an sartu ziren Iruñera, San Nikolasko atetik, egun Carlos III zinemak dauden tokitik. Ofizialek hiriko nobleen etxeetan hartu zuten ostatu eta gainontzeko soldaduek, 4.000 inguru, beste toki batzuetan.
Napoleonek D'Armagnaci Ziudadela hartzeko agindu zion, Portugalerako bidea egiteko eraikin militarra bereganatzea ezinbestekoa zela uste zuelako. Vespasiano Gonzaga Nafarroako erregeordeak baina, ukatu egin zion sarrera eta Napoleonen soldaduek elur pilotekin jostetan ari zirela sinetsaraziz, eraikina hartu zuten. Iruñean egon ziren bitartean, frantses soldaduak, egunero-egunero, Ziudadelako ate nagusira ogi bila joaten ziren. Otsailaren 16ko goiz hotzean, Iruñea zuri zegoen gauean botatako elurragatik. Soldaduak ogi bila abiatu ziren atera, fusilak beroki azpian gordeak zituztela. Ziudadelako atera hurbildu ahala, elkarri elur pilota tiraka hasi ziren. Talde bat, lagunek inguratuta zituztela antzeztuz, zubi altxagarrira igo zen. Bitartean, fidakor, Gotorlekuko zaindariek frantsesen josteta begiratu besterik ez zuten egiten.
Napoleonen soldaduek fusilak atera eta zaindariak menderatu zituzten.