ASTIALDIA. EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. Babesaren edertasuna

Garai batean Antoñana izan zen hiribildua ekartzen du gogora harresiak; ederra da oso

JON REJADO ANTOñANA
2007ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Arabako historiaren lekuko da Antoñana herria, eta garai batean izan zuen edertasuna mantentzen du gaur egun ere. Arabako Mendialdeko perla esan izan diote hainbatetan, eta ez da gutxi koadrila horretako herrien edertasuna ikusita. Maeztu herritik Santikurutze Kanpezura arteko errepidetik herri horren harresia ikus daiteke, orain dela mende asko izan zuen erabileraren lekuko. XII. mendean bi bide elkartzen ziren han, eta Antso Jakitunak hiribildu-gotorleku moduan sortu zuen, 1182. urtean, inguruko mugimendu guztiak kontrolpean izateko.

Azken hamarkadetan lan eskerga egin da Antoñanako harresiaren handitasuna berreskuratu ahal izateko. Herri gehiena inguratzen du, eta mendeek aurrera egin ahala bestelako erabilera eman zaio. Errepidetik ikusten den harresian etxebizitzetako leihoak ikusten dira, besteak beste. Bost eta hamabi metro arteko altuera du harresiak, eta 1,3 metroko lodiera.

Harresiak babesten duen herria harresia bera bezain polita da, oso aldaketa gutxi egon baitira egitura aldetik. Kale nagusiak bitan banatzen du herria, iparraldetik hegoaldera, eta garai batean herriak zituen bi sarrerak lotzen ditu. Sarrera haietatik bakar batek baino ez du iraun gaur egunera arte. Herriaren egitura Erdi Aroko hiribilduen modukoa da, kale nagusiarekin paraleloak diren beste kale batzuk baitaude, bi mendebaldera eta bi ekialdera. Kantoien bidez lotzen dira bost kale horiek, eta txoko berezi asko sortzen dituzte.

Hegoaldeko atetik sartuta, kartzela ikusten da aurrena. Erakusketa aretoa da gaur egun, eta kartzela zen garaiko egitura mantendu du. Hainbat gairi buruzko erakusketak daude han, eta, nola ez, eztigintzak tokia du han. Berezia da Antoñanako eztia, eta hamaika abao daude ikusgai herriaren inguruan.



ERAIKIN ESANGURATSUAK.Hainbat eraikin ikus daitezke herritik ibilalditxoa egin ahala. Orgazko kondearena izan zen XIII. mendeko dorretxea da horietako bat. XVI. mendeko beste hainbat etxe dago, baina herriak berak duen xarma da azpimarragarriena. Gizarte etxetik gertu dagoen etxebizitzen eta harresiaren arteko ataripekoa azpimarratzekoa da. Gerizpe horretan udako egun beroenetan ere fresko egoteko aukera dagoela diote hango bizilagunek.

Herriaren inguruko ikuspegiak are ederragoa egiten dute Arabako txoko hori. Aginaren bidea, Sabando errekatik Sabando herriraino doan bidea... Hegoaldeko Trena igarotzen zen tokitik egin duten bide berdea ere aurrean dute, bizikleta ibilaldi politak egin ahal izateko. Bisitatzea merezi duen lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.