Ganekogorta mendigunean dago bilbotarrek gehien estimatzen duten mendia, parkean aspaldi eraldatutako Artxanda alde batera utzita, eta Bizkaiko hiriburua ez ezik, Alonsotegi eta Arrigorriagara zabaltzen ditu bere hegalak. Pagasarrik 671 metro ditu, eta Ganekogortak ia mila (998) ditu. Horregatik, mendizale traketsek lehenengoa hautatzen dute txango errazak egiteko. Izan ere, Bilboko auzoak mendirantz zabaltzen joan diren heinean, gero eta gehiago hurbildu dahiria mendi tontorrera. Hala, bi ordu inguru baino ez dira behar Zabalburu plazatik, abiapunturik ohikoena Pagasarrirako bidean, tontorreko aterpetxera heltzeko. Alferrenek, gainera, autoz egin ahal dute aldaparen tarte bat.
Mendi tontorrera erraz heltzearen abantailarik handiena da bertan lasai bazkaldu eta ordu batzuk inguruak aztertzeko erabili daitezkeela. Bizkaia eta Araba bereizten dituen Ganekogortaren tontor zoragarria ikus daiteke bertatik, eta inguruko mendiek osatzen duten ikuspegi zoragarria. Zenbait animalia topatuko dituzte bertan mendizaleek, behiak eta zaldiak batez ere, baina, zortea izanez gero, baita arranoren bat ere zeruan. Inoiz, basurdeak ere azaltzen dira Pagasarriko gailurrean, eta bisitariren batek ezusteko ederra hartu izan du.
Nekatuz gero, eta bazkalordua tontorrean egin nahi dutenek hobe dute jatekoa etxetik eraman, baina, udako hilabeteetan batez ere, aterpetxeko ateak zabalik topa daitezke, eta bertan sagardo freskoa edan edota gazta ogitartekoa jan daiteke. Erdi Arotik bertan etxola modukoak egin dituzte, baina Pagasarriko lehenengo aterpetxe modernoa 1914an egin zuen Bilboko Udalak eta handik bost urtera berregin zuten, taberna eta jatetxe gisa. Sabela bete ondoren, XVII. mendeko izoztegiak, Tarin iturria eta gailurreko postontzia bisita daitezke.
PAGOEN MENDIA. Ikerketa arkeologikoek ezagutzera eman dutenez, euskal artzainak duela milaka urte, Brontze Aroan, ibiltzen ziren Pagasarriko landetan euren artaldeekin. Garai hartan, pagadiek estaltzen zituzten gaur egun biluzik ageri diren Pagasarriko maldak. Euskal Herriko kostaldeko beste mendi ugarietan bezala, ontzigintzaren loraldiak, XVII. mendetik aurrera, basoen gainbehera ekarri zuen. Bilbon, Zorrotzako kaian 40 gerraontzi baino gehiago eraiki zituzten 1610. urtetik 1630era bitarte. Horietako bakoitzak 6.000 zuhaitzen egurra behar zuen eta, asko, Pagasarrin bota zituzten. Horrez gain, XVIII. mendeko Karlistaldietan inguru hartan gertatutako bataila eta suteek mendi honetako baso ondasunak desagerrarazi zituzten.
XIX. mendean ekin zioten erakundeek zuhaitzak landatzeari, baina bertako espezieen lekuan pinuak eta eukaliptoak jarri zituzten, eta aspaldiko aniztasuna erabat hautsi zuten. Mendizaletasuna zabaldu ahala, Pagasarriren egoerarekin kezkatzen hasi ziren bilbotar asko. XX. mendearen hasieran zenbait ekitaldi egin zituzten mendiaren egoera hobetze aldera, Zuhaitzaren Eguna, kasu, 1915ean. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta zenbait lagunek doan emandako zuhaitz ugari landatu zituzten orduan. Aurretik ere, 1914an, izoztegien ondoan zegoen Udoi iturburuan, Tarin iturria egiteko elkartu ziren mendizaleak, .
Urteotan parke natural gisa Pagasarriko eremu jakin batzuk babesteko egitasmoak abiatu badituzte ere, Supersur autobideak eta bestelako proiektu handiek mendi zati garrantzitsuak hondatuko dituzten beldur dira talde ekologistak, Bolintxu harana, besteak beste. Mendizaletasuna bera Pagasarriren kalterako ez ote den galdetzen dute beste askok; izan ere, abenduan egin zuten Pagasarrirako Ibilaldia ospatzeko, karpa handiak jarri zituzten gailurrean eta, horretarako, kamioi eta furgoneta ugarik igo behar izan dute bertaraino, mendiko bideetan zehar.
Izoztegi zaharren putzuak
XX. mendea arte, hozkailuak asmatu arte, Pagasarriko elurtegietatik ateratzen zuten izotza bilbotarrek.M. C.
Bilbo
Belaunaldi berriek horren berririk izan ez duten arren, zaharrenek aspaldiko elurtegiak ezagutuko dituzte, mendeetan izotza sortu eta mantentzeko erabiltzen zituzten mendiko biltegiak. Bizkaian, Aldundiaren arabera, XVII. mendean hasi zen izotzaren salmenta, neguko hilabeteetan botatako elurra gordetzeko zuloak egiten zituzten, bertan gogortu eta izotz zurruna lortzeko. Hasiera batean, mendi hegaletan aurkitzen zituzten leizeak erabiltzen zituzten horretarako, baina, gerora, elurra gordetzeko putzuak eraikitzen hasi ziren. Mota horretako bi ikus daitezke Pagasarriko tontorretik oso gertu, Tarin iturri ezagunaren ondoan.
Pagasarri I deritzon izoztegia 1648. urtekoa da, zilindro formako putzua da, zazpi metro inguruko sakonera dauka eta, isurbide gisa, 28 metrora azaltzen den tunela dauka. Zenbait urte geroago, 1674an, eraiki zuten Pagasarri II izeneko elurtegia, lehenengotik oso gertu. Antzeko ezaugarriak baditu ere, bigarren zuloa txikiagoa da, ia bost metroko sakonera eta 7,5 metroko zabalera dauka goialdean. Behealdean, berriz, metro bat estuagoa da eta isurbide tunela dauka. Putzu biek zuten teilatua eta, duela bost urte, 2003ko apirilean, zaharberritu zituzten.
IZOTZ GERUZAK. Izoztegi guztietan, ura kanporatzeko tunelak egiten zituzten eta, horrez gain, paretetan zulotxoak egiten ziren inoiz. Elurra putzuetan sartu eta zapaldu egiten zuten, gogortu eta izotz bihurtzeko. Luzaro kontserbatzen zuten horri esker. Neguko eguraldiaren laguntzarekin sortzen bazuten ere, izotza ia urte osoan saldu behar zuten, horregatik bilatu behar zuten ahalik eta denbora gehien iraunarazteko modua. Landareen hosto lehorrekin tartekatzen zituzten izotz geruzak eta, horri esker, erraztasun handiz ateratzen zituzten gero.
Izoztegia guztiz beteta zegoenean, orbelarekin estaltzen zuten eta, batzuetan, gatzarekin ere bai, goiko geruza kanpotik hobeto isolatzeko. Izotz geruzak zatikatzea zen egin beharreko azken lana eta, putzutik atera ondoren, mandoetan zein gurdietan Bilbora eta inguruko herrietara garraiatzea. Gaueko hotza baliatuta egiten zuten bidaia eta, hurrengo egunean, medikuen, izozkigileen edo bestelakoen eskuetara heltzen zen izotza. Sukarra apaltzeko eta mina arintzeko erabiltzen zuten izotza medikuntzan. Gozokigileek, berriz, edari freskagarriak eta izozkiak sortzeko behar zuten.
Horrela lortu zuten herritarrek beharrezkoa zuten izotza denbora luzez, harik eta XX. mendearen hasieran hozkailu eta izozkailu elektronikoak asmatu zituzten arte. Elurtegiak sortu eta ustiatzeko negozioa, ondorioz, pixkanaka desagertu egin zen Euskal Herriko mendietatik. Pagasarriko putzuak, hala eta guztiz ere, horren lekuko biziak dira.
JAKINGARRIAK
Autoan: Zabalburutik abiatzen da Pagasarrira igotzeko ibilbiderik ohikoena, eta Zabalburu plazara A-8 eta A-68 autobideetatik sar daiteke Bilbora. Juan Garai kaletik gora, eta San Adrian eta Larraskitu auzoak zeharkatuz, duela urte batzuk hobetu zuten errepide batetik jarraitzeko aukera dago, hasierako aldaparen zati handi bat gainditzeko. Aparkaleku moduko bat dago, handik oinezko txangoa hasteko.Autobusez: Bilbobus sareko hiru autobus ibilbiderekin gainditu daiteke Bilboko auzoetan zehar egin beharreko bide zatia, mendirako bidetik gertu baitute geltokia. 71. Miribilla-San Ignazio, 72. Larraskitu-Castaños/Gazteleku eta 75. San Adrian-Atxuri ibilbideak dira.
Ibilbide nagusiak: Hiru abiapuntu nagusi dira Pagasarrira igotzeko. Bilbotik Zabalburu plazatik abiatzen dena da ohikoena, baina Errekalde auzoan hasten diren beste hiru daude, Larraskitutik, Iturrigorri-Peñascaletik eta San Antoniotik. Horrez gain, Bolueta auzotik gertu dagoen Ollargan parketik (Arrigorriaga) abiatu eta Bolintxu haranetik jarrai daiteke Pagasarrirako bidean.
Informazio gehigarria: www.pagasarri.com webgunean.