Aterki berdea irekitzeko zain

Gaur arratsaldean hasiko dira Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, eta osteguna bitartean hiria festan murgilduko daZeledonek euritako berdea eramango du lehen aldiz, Hiriburu Berdeari keinu eginez

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Festa usaina dario Gasteizi. Hara eta hona dabil jendea, artega, Gasteizko karriketan. Orduak baino ez dira geratzen Zeledoni ongietorria egiteko, eta dagoeneko, prest daude gasteiztarrak festan murgiltzeko. Andre Mari Zuriaren jaiei hasiera emango dio gaur Zalduondokoak, 18:00etan, San Miguel elizako balkoitik plazan bildutakoak agurtuta. Hortik aurrera, jaia nonhai eta nolanahi gozatzeko parada egongo da hirian, ostegunera arte.

Berezitasun nabarmen batekin hasiko dira festak, Zeledonek aterki berdea eramango baitu, beltzaren ordez. Gasteiz 2012ko Europako Hiriburu Berdea da,eta, horregatik, Zeledoni aterkiaren kolorea aldatu diote. Baina ez hori bakarrik: Hiriburu Berdea ahalik eta gehien sustatzeko asmoz, txupinazora berdez jantzita doazenen artean hamar ibilbide turistiko oparituko ditu udalak.

Euskara irakasten eta hedatzen lan egiten dutenek hartuko dute txupinazoa jaurtitzeko ardura. Lau lagunek botako dute suziria, 18:00etan: Joseba Aginagalde Arabako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, Mailu Lasarte Gasteizko IKAko arduradunak, Katixa Agirre idazle eta gidoilariak eta Iñaki Tena bertsolariak.

Krisialdiak jaietarako aurrekontua mugatu badu ere, iaz bezala udalak 300 bat ekitaldi antolatu ditu osteguna bitarte. Aihotz plaza, unibertsitate inguruko txosnak, Foru plaza, Plaza Berria, Mendizabaleko gunea eta gaztetxeak herritarrak erakartzeko beharreko guztiak dituzte prest, kontzertu eta ekitaldi sortarekin. Txoko horiekin batera,ez dira faltako Principal antzokia, Ogeta pilotalekua eta zezen plazako ekitaldiak, eta kalerik kale ibiliko den ikuskizun andana.

Jaiek irauten duten bitartean kaleak ahalik eta dotoreen edukitzen saiatuko da udala, eta, jakinarazi duenez, joan den urtearekin alderatuta, garbiketa zerbitzua %3,4 indartuko du egunotan. Azken urteotan bezala, garbiketa enpresako langileekin batera, hamabi boluntario arituko dira gaur arratsaldean plazan utzitako beirak garbitzen.

Hamaika txoko eta ekitaldi

Jaietan, kontzertuetarako plaza nagusia da Foru plaza, eta erritmo eta kolore askotariko emanaldiak ekarriko ditu aurtengo jaietan: doinu freskoekin hasiko dira gaur, 00:00etan, La Pegatina taldearekin. Juan Magan, LosDelGas, La Fuga, Los Suaves, Esne Beltza eta Malutaldeak helduko dira hurrengo egunetan. Bihar, jaien egun handian, pilotazaleen eta bolozaleen txapelketak izango dira, halaber.

Aihotz plazak, bertsolaritza, euskal dantzak eta kontzertuak bilduko ditu, gau eta egunez: Vendetta, Mikel Urdangarin, Mikel Markez,Erramun Martikorena eta Eratu ariko dira egunotan. Goizero, bestalde, trikitilariak izango dira plaza girotzen lehenak, eta bertsolariak ondoren.

Txikienek ere Gasteizko jaiez gozatu ahal izango dute, Peñafloridako kondearen enparantzan prestatutako txokoan, Mendizabalako barraketan eta Probintzia plazan. Gargantua, zirkua, tailerrak, gaztelerazko, euskarazko eta ingelesezko kontu kontalariak etapailazo ikuskizunak goiz eta arratsaldez prestatu dituzte.

Txosnetan atzo hasi zituzten jaiak, festa berezi batekin, eta giroak ez du etenik izango unibertsitate inguruetan: Akerbeltzek joko du gaur, eta datozen egunetan talde mordoa entzuteko aukera egongo da, tartean, Capsula, Obrint Pas, Lendakaris Muertos, Bad Manners eta Fuel Fandango. Gaueko kontzertuez gainera, hamaika ekitaldi izango dira egunez.

Asteazkena bitartean, hamaika talde igaroko dira, halaber, Gaztetxetik. Gaur, txupinazoaren ostean egitarau betea hasiko dute muinoko etxekoek Patxanga Sistemeta Revolutionary Brothers taldeekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.