Haurrek izan behar zuten atzoko izarrak, eguneko protagonista nagusiak. Eguraldiak, baina, ez zuen hala nahi izan; haurrei protagonismoa kendu, eta danborrada bertan behera uzteko erabaki zaila hartzera bultzatu zuen Donostiako Udala. Halako erabaki bat hartzen den bigarren aldia da; azkena 1981ean hartu zuten. Eguraldia lagun, bihar eguerdian aterako da danborrada Alderdi Eder plazatik.
Euriak ez zuen atsedenik eman goiz osoan, eta goizean goizetik zaila ikusten zen gaztetxoek astindutako danborren burrunbak entzutea.
Ezohiko argazkia osatzen zuen atzo goizean Donostiako hiriguneak. Udaltzainak kale kantoi guztietan errepideak ixten, eta Bulebarra hesiz inguraturik, 5.000 haurrak pasatzeko esperoan. Dena prest zegoen. Kale izkinetan haur batzuk soldaduz mozorroturik, gurasoen aterkien babespean udalaren erabakia noiz etorriko zain. Telebistako furgonetak antena erraldoiekin udaletxe parean aparkaturik, haurren armada koloretsua filmatzeko prest. Euriak, ordea, hutsik utzi zituen Donostiako kaleak, eta Donostia martxa eta danbor hotsak entzutea galarazi zuen.
Orixe ikastolako Joana Muñoa danborra jotzeko irrikaz zegoen milaka haurretako bat zen. Pena ematen zion euriak danborra jotzeko aukera zapuztu izana, baina bazekien berriz ere uniforme berdea soinean jartzeko aukera izango duela. «Igandean joko dut danborra».
Haurrei laguntzen zieten gurasoak ere penaz zeuden, euren seme-alabak ikusteko ilusioa itzali baitie euri tantek. Hala ere, udalak hartutako erabakia babesten zuten gehienek. «Ondo ikusten dut atzeratu izana; ez litzateke normala izango haurrek euripean desfilatzea», zioen guraso batek.
Haur batzuentzat urduritasuna atzeratzea ekarriko zuen danborrada atzeratu izanak. «Bi egun loak hartu gabe egon da», azaldu zuen Jon Ander Aranaren aitak. San Ignacio ikastetxeko konpainiako uniformea jantzita, danborradan ateratzeko prest zegoen Arana. «Asko entseatu dugu; ea igandean euririk ez duen egiten».
Erabaki historikoa eta «zaila»
Erabaki «zaila» hartu behar izan zuten atzo goizean Donostiako Udaleko arduradunek. Baita historikoa ere. Azkeneko aldiz orain dela 31 urte behartu zuen eguraldiak danborrada bertan behera uztea, 1981. urteko danborradan.
Nerea Txapartegi udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu zuenez, erantzukizunez jokatu zuen udalak erabakia hartzerakoan. «Guztiz justifikatutako erabakia da. Igeldoko zentro meteorologikoarekin eta babes zibilarekin harremanetan egon gara, eta aurreikuspen bera eman digute. Danborradetako arduradunei ere galdetu diegu, eta hoberena atzeratzea dela adostu dugu. Arduragabekeria zatekeen eguraldi honekin haurrak ateratzea».
Eguraldi iragarpenak ezkorrak baziren ere, azken momenturaarte itxaron zuten azken erabakia hartzeko. Goizean goiz bildu ziren, eta eguraldiak hobera egiten ez zuela ikusita, 10:45ean hartu zuten erabakia. Ordu hartan danborradan parte hartu behar zuten 52 konpainiak norbere ikastetxean zeuden bilduta.
Biharko haurren danborrada babesteko deialdia egin zuen Txapartegik, eta benetako protagonistak haurrek izan behar dutela gogorarazi zuen. Bihar eguraldiak lagunduko ez balu, hurrengo igandera atzeratuko litzateke ekialdia, zinegotziaren esanetan.
Atzoko eguna euriak zapuztu bazuen ere, eguraldi txarrak ez zuen uxatu Konstituzio plazan gauerdian bildu zen jende uholdeaBotatako euri tanta urriek ez zuten festa giroa apaldu, eta danbor hotsak nonahi entzun ziren.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak sukaldariz jantzita igo zuen bandera. Wroclaw Poloniako hiriko alkatea zuen ondoan. Bi hiriek Europako Kulturako hiriburutza partekatuko dute 2016an.
Jose Ramon Mendizabal Gaztelubideko danbor nagusiarekin batera, Ainhoa Olasagasti urketari nagusia egon zen. Lehenengo aldia da emakume bat zuzendari gisa bandera igotzeko ekitaldian aritzen dena.
Ezarian. San Sebastian eguna
Aterkiak danborren ordez
Euriak ez du atsedenik eman, eta haurren danborrada bertan behera uzteko erabakia hartzera bultzatu du Donostiako UdalaEguraldia lagun, bihar eguerdian aterako da haurren danborrada Alderdi Eder plazatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu