Euri arteko egunak iragarri zituzten, eta halaxe joan da Aste Santua. Goitik behera jasa, kostaldean nahiz barrualdean. Ostegunetik igandera, atertu gabe ia. Gaur arratsalderako beste fronte bat sartuko dela aurreratu dute eguraldi iragarleek, eta larunbata bitartean bustitik jarraituko duela. Horregatik, akaso, atzokoaren gisako egun argitsuek bestelako tenore eta aldartea eragiten dute. Aterki eta aterki artean, eguzkitako betaurrekoak janzteko eguna izan zuten gurean geratzen ziren bisitariek nahiz bertakoek. Donostiako Kontxa eta Zurriola pasealekuek, Bulebarrak, Pasealeku Berriak eta hiriko terrazek gainezka egin zuten.
Zaila da ulertzen nola alda daitekeen hain denbora tarte txikian horren eremu zabala. Igande ilunabar euritsu eta itxiarekin oheratu, eta hodei arrasto txikienik gabeko egunsentiarekin esnatu zen atzo Euskal Herriko zerua. Lehenengo eguzki izpiekin irten zen jendea kalera. Turistak nahiz herritarrak, nahasian. Jaiegunari zukua ateratzeko asmoz guztiak. Gutxi-asko, aurreko egunetako eguraldia zuten hizpide guztiek.
Argazki kamera agerian eramateak egiten ditu ezaguterraz bisitariak. Turistaren ezaugarrietako bat izaten da. «Hiri fotogenikoa da Donostia», zioen Ricardo Galvez espainiarrak, kamera zorroan sartzearekin bat. Kameraren nolakoak salatzen zuen argazkilaritza gustuko duela. «Bilbotik gatoz, eta bi hiriak gustatu zaizkigu; bakoitzak du berea, baita argazkilaritza ikuspegitik ere».
Aterperako egunak
Euskal Herrira egindako bisitaldi laburra Bilbotik Donostiara mugatu zuen Hiroki Katsumoto japoniarrak ere. «Bilbon hiru egun igaro ditugu, eta bi Donostian. Aurrez Bartzelonan izan ginen. Gustatu zaizkit hiriak, baina eguraldi euritsua batere ez», zioen behatzarekin zerua seinalatuz. Baina turista guztiek ez dute iritzi hori. «Alemaniarrak gara gu, baina Ingalaterran bizi gara, eta euriarekin ohituta gaude. Datorrena datorrela, horretara egokitzen jakitea da kontua», erantzun zion Heinrich familiako kide batek. Gaur arratsaldean dute etxera itzultzeko bidaia, Loiutik, baina goizeko egitekoa atzo bertan ari ziren zehazten, Donostiako Turismo bulegoan. «Hiriak bizikletan ezagutzea gustatzen zaigu, eta bihar goizerako alokatu ditugu».
Gaur emango dituzte bateko eta besteko instituzioek Aste Santuak utzi dituen datuak eta zenbakiak, baina eguraldiak baldintzatutako egunak izan direla inork gutxik jarriko du auzitan. Aterperako egunak izan dira. Eta euriari aurre egiteko aterkirik eraginkorrenetako bat museoak izan dira. Halakorik baiezta daiteke izan duten bisitari kopuruari erreparatuz gero. Donostiako Aquariumean, adibidez, ostegunekoa eta ostiralekoa izan ziren, museoaren azken hamar urteetako ibilian, bisitari gehien jaso duten egunak.
Bisitari mugimenduaren beste neurgailu bat izan daiteke Bretxan bost egunez jarri duten Gabiltza eskulangile kolektiboaren azoka. «Jendearen joan-etorria izan da, baina neurrian; euriak baldintzatu egin du kalean eroso ibiltzea», zioen Iñaki Gorostidik. Harria lantzen du Gorostidik, eta harrizko lauburu, Euskal Herriko mapa, Arrano Beltza eta besteren artean, Bartzelona futbol taldearen armarriak saldu ditu egunotan. «Katalanak, behintzat, gure artean ibili diren lekuko izan naiz».
Aterkien atzean, eguzkia
Aste Santu busti eta euritsuaren ondotik, udaberri beteko zeru oskarbiarekin esnatu zen pazko astelehena. Aterpetik kalera irteteko baliatu zuten bisitariek nahiz bertakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu