Le Puy herritik (Frantzia) Santiago de Compostelara (Galizia) doan bidean, 64 hotel berri egongo dira urte gutxiren buruan. Zurezkoak izango dira goitik behera, bai kanpokoa eta bai barrua, Euskal Herriko pinu egurrarekin egindakoak. Egoin eta Vita Construction enpresen Santiago Punto deituriko egitasmoa da, eta egur birziklagarria erabiliko dute aterpeak eraikitzeko. Ingurumenean eraginik izango ez duten eraikinak nahi dituzte, eta, paisaian integratzeko, zaharkitutako gris kolorea erabiliko dute hotel bakoitzearen aurrealdean. «Hotelak baino gehiago, erromesentzako ostatuak izango dira. Herrixkak sortzea da helburua», azaldu du Jon Gorroñok, Egoin enpresako bulego teknikariak. Hurrengo urtean hasiko dira eraikitzen, Egoin enpresak Ean (Bizkaia) duen egoitzan.
Donejakue bidean jartzen den lehenengo hotel katea da. Ibilbidea egiteko era berritzeko asmoz, konforta eskaini nahi dute, eta, horretarako, bi pertsonarentzako 25 gela, self-service jatetxe bat, denda bat eta cyber-point bat izango dituzten ostatuak eraikiko dituzte. Lapurdiko Vita Construction enpresaren ideia izan zen, eta, Egoinek proposamena jaso zuenetik, elkarlanean ari dira hura gauzatzeko. Donejakue bidea egitean erromesek erosotasun handiagoa izatea da helburua: «Ostatu askok konfort gutxi eskaintzen dute. Guk Donejakue bideko erosotasuna hobetu nahi dugu». Erromesentzako aterpe batetik besterako etapak sortuko dituzte hotelekin. «Etapa bukatzean, gaua pasatzeko herrixkak izango dituzte». Hotel bakoitzean 50 ohe egongo dira, eta ibilbide osoan 64 jatetxe irekiko dituzte. Gosariak eta bazkariak eskainiko dituzte, eta egunero 3.200 gosari eta 3.200 bazkari emango dituztela espero dute.
Ostatuak 150 egunez egongo dira irekita erromesentzat; Donejakue bidearen goi denboraldian, zehazki. Baina eraikinak bestelaere erabiliko dira. Izan ere, gainontzeko egunetan, ezkontza, festa edo kirol ekintzetarako ere alokatuko dituzte. Santiago Punto enpresak kudeatuko du hori, eta herri bakoitzeko biztanleei eskaintzea da asmoa. Hurrengo urtean eraikiko direnek 15.000 euro balioko dute, eta Santiago enpresak 8.000 eta 10.000 kilometro koadro bitarteko eremuak behar ditu moduluak ezartzeko.
Sustatzaile bila
Uztailaren 31n, erakusketa kamioi bat irten zen Busturialdetik Santiago de Compostelara. Hotelak jarri nahi dituzten herrietara joango da kamioia, eta arduradunek udalekin eta herritarrekin hitz egingo dute proiektuaren inguruan. «Sustatzaileak topatu gura ditugu, hurrengo urtean eraikitzen hasteko». Badakite ezinezkoa dela urte batean ostatu guztiak egitea, baina bi edo hiru urteren buruan prest egongo dira denak. «Euskal Herrian egongo den ostatu kopurua lortzen dituzten kontaktuen araberakoa izango da, eta, gainera, Santiago de Compostelara heltzeko bide bat baino gehiago dago Euskal Herrian», dio Garroñok.
Ekimena aberasgarria izango da herrientzat. Hala espero du, behintzat, Santiago Puntok. Hotelekin 320 lanpostu sortu nahi ditu, eta jatetxe eta erreserba gunearekin, beste 85 (60 jatetxeetan eta 25 erreserben gunean). Enpresak jakinarazi duenez, ostatuak ezartzen diren herrietako biztanleek izango dute lehentasuna lanpostu horiek eskuratzeko.
Enpresak emaitza baikorrak espero ditu. Izan ere, Donejakue bidearen goi denboraldian erreserben %80 bermatzera konprometitu da. Gipuzkoan izango duten egoitzan kudeatuko ditu erreserbak, eta erromesek aukera izango dute aurretik ordaindu beharreko txartela eskuratzeko. Katea osatzen duten hotel guztietan erabili ahalko da txartela, eta horrela, kezkarik gabe, ostatu batetik besterako etapak egin ahal izango dituzte ibiltariek. Egun osoko ibilbide luzeak egin ondoren, Euskal Herriko egurrarekin egindako 64 «herrixka» eroso horietan lo egin ahalko dute Santiago ikustera doazenek.
Aterpe bilakatutako baso puskak
Le Puy herritik Santiago de Compostelara doan bidean, egurrezko 64 ostatu eraikiko ditu Bizkaiko Egoin enpresakErromesentzako ostatu izateaz gain, festak egiteko ere alokatuko dituzte eraikinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu