Atzealdea irekita daukan ontzia

'S.020' ontzi elektrikoa diseinatu dute Orioko Asier, Igor eta Mikel Esnal anaiek. Diseinu berezia du ontziak: bost metro baino gutxiago neurtzen du, eta atzealdea irekia du.

Maialen Unanue
Orio
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ontziak S.020 izena du. Asier, Igor, eta Mikel Esnal anaien azken produktua da, barne uretan nabigatzeko diseinatutako ontzi elektrikoa. Ur lasaietan, laku eta ibaietan nabigatzeko prestatuta dago.

Ezohiko diseinua du ezaugarrietako bat S.020-ak, atzealdea itsasora irekia baitu. «Dimentsio txikietan ahalik eta espazio gehien lortu nahi genuen, eta horrela atera zaigu diseinu bitxi hori», azaldu du zergatia Asier Esnalek. Nabigatzeko modu lasaia zuten helburu; modu erraz eta erosoan familiarekin ibiltzeko ontzia nahi zuten: norabait joan, bainua hartu, arrantza egin...

Diseinuak berak ontzia era jakin batean erabiltzea baldintzatzen du, eta hori, Esnalen arabera, «abantaila eta desabantaila izan daiteke». Era «berezi» batean nabigatzea zuten amets, egun aurki daitezkeen ontziek ez bezala. Abiadura ez baita Esnal anaien lehentasuna izan. Ikuspegi horretatik, S.020-a ez da azkar ibiltzeko ontzia: «Segurtasunagatik, hamar edo hamaika kilometro orduko abiada har dezake gehienez, eta nabigatzen ari garela eguraldi txarra hasten bada, abiadura pixka bat eman diezaiokegu». S.020-an nabigatzea belaontzi batean ibiltzearen antzekoa dela iritzi dio Esnalek: «Sentsazioa bera da, ezberdintasun batekin: ez duzula haizearen menpe egon behar».

Elektrikoa izanik, baterien bidez jartzen da martxan. Bateria kargatzeko, nahikoa da kable baten bidez entxufe batera lotzea. Ontziak badu pantaila bat, eta bateriaren egoera zein den momentu oro adierazten du. Alarma sistema bat ere badu, eta, bateria %30era iristen denean, abisua ematen du. Abiadurarekin lotura zuzena du bateriak, abiadurak baldintzatzen baitu bateriaren iraupena.

«Hasiera batean, ontzia erosterakoan egiten den inbertsioa handia den arren —18.500 euro inguru balio du, BEZ gabe—, ontziaren abantaila handietako bat bere mantenua da», Asier Esnalen arabera. Epe luzera, gasolioarekin funtzionatzen duten motorrekin alderatuz, ez du mantenu mekanikorik behar, ez eta gasolinarik ere. «Gehituz gero, motore konbentzionaleko ontzien gastua dezentekoa da; S.020-arekin, berriz, bateriak behar bezala kargatuz gero, mantenua ez da batere garestia», dio Esnalek.

Europako merkatuari begira eginiko ontzia da S.020-a, eta horrek buruhauste bat baino gehiago ekarri die: «Jendeak, normala denez, ontzia erosi aurretik, probatu egin nahi izaten du». Bezeroak Esnal anaiengana joatea edo Esnal anaiak haiengana joatea; horiek dituzte harremanetarako aukerak. Banaketa sare bat eratzea izan dute eragozpenetan bestea: «Bagenekien kostako zitzaigula, baina pixkanaka badoa aurrera». Jada izan dute Belgikako hornitzaile baten bisita, eta Frantziatik eta Portugaldik ere hurbildu dira ontzia ezagutzera.

Urte askotako lana

Irailean hamasei urte beteko dira Esnal anaiek Dhemen enpresa sortu zutenetik. S.020 ontzia Dhemenen proiektu modura hasi bazen ere, pixkanaka garrantzia hartuz eta aurrera egiten zuela ikusita, beste enpresa bat sortzea erabaki zuten: Silennis.

Ez da diseinatu duten lehenengo ontzia, eta ez da azkena izango. Ontzi elektrikoarekin, pasioz bizi dituzten bi mundu batu dituzte Esnal anaiek: itsasoa eta diseinua. «Oriotarrak izanik, beti izan dugu harremana itsasoarekin, eta, ontzi elektrikoa egitea pentsatu genuenean, bila genbiltzana aurkitu genuela sentitu genuen», dio Asierrek.

Ez du nolanahiko hasiera izan, gainera: Red Dot 2011 saria eskuratu dute, eta, duela hilabete baino gutxiago Zilarrezko Delta jaso zuten. «Sariok eskuratu izana izugarria da, marka onenen artean saritu baitute gurea», dio pozarren.

Urte hauetan guztietan produktu ugari sortu dituzten arren, beti beste bezero batzuentzat eginiko diseinuak izan dira. Hori dela eta, aspalditik zuten beraiena izango zen marka batekin produkturen bat sortzeko gogoa: «Hutsetik hasita, ideia guk sortu, guk ekoiztu eta guk merkaturatu nahi genuen». Halaxe egin dute S.020 ontzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.