Atzo eta gaurko buruxkariak

Emakume zinemagileak globalizazioaren garaian zikloaren barruan, Agnes Vardaren txanda izango da, Gasteizen

Jean-François Milleten Buruxkariak margolana, Vardaren dokumentalean. BERRIA / BERRIA.
Erredakzioa
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Gasteizko Montehermoso kultur gunean Emakume Zinemagileak Globalizazioaren Garaian (1985-2010) zinema zikloa egiten ari dira azken asteotan, eta, gaur, Agnes Varda zuzendari belgikarraren Les glaneurs et la glaneuse lana ikusi ahalko da.

Buruxkarien inguruko dokumentala egin zuen Vardak 2000. urtean. Uzta jaso ondoren, alorretan jaso gabe geratzen ziren gari buruxkak biltzen dituztenei esaten zaie buruxkari. Varda lan antropologikoa egiten du dokumentalean: artearen bidez, buruxkariak historian nola irudikatu dituzten azaltzen du. Halere, hori baino askoz harago doa lanean: antzinako jarduera hura gaur egiten jarraitzen dutenak ezagutzera eramaten gaitu. Nekazari girokoez gain, hiri handietako buruxkarien bizimodua aurkezten digu, hau da, zaborretara botatako elikagaiak berreskuratzen dituztenak. Horrez gain, zahartzaroaren inguruko hausnarketa bitxia egiten du, patata eta bere azala parekatuz.

Vardak (Belgika, 1928) argazkigintza ikasi zuen, eta Cléo de 5 à 7 (1961) film laburrarekin nouvelle vague mugimenduaren amatzat hartu zuten. Emakumeen inguruko gaiak eta feminismoa zinema bihurtu zuen lehen zinemagileetakoa da. Zikloak film bat pantailaratuko du asteazkenero, abenduaren 21era arte.

'LES GLANEURS,ET LA GLANEUSE'

Noiz. Gaur, 19:00etan, Montehermoso kultur gunean, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.