Donostiako Zinemaldiaren historiari buruzko dokumental saioaren ostean, klasiko ederrak ari dira ematen azken asteetan ETB2 katean. Horren erakusgarri From Here to Eternity-ren egileFred Zinnemann handiaren The Nun's Story hau.
Audrey Hepburnek jokatzen du rol protagonista, komentu batean mojagai sartzen den neska batena, hain zuzen ere. Oscarretarako izendatu zuten Hepburn, baina azkenean Simone Signoreti eman zioten saria. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago interpretazio paregabea dela Hepburnena; begirada oso indartsua du.
Barne borroka du moja protagonistak. Zalantzak sortzen zaizkio, bizitza Jainkoari eskaintzearen bokazio horretan. Eta borroka hori nahiko sinesgarri bilakatzen da, Zinnemann zinemagilearen maisutasunari esker. Moja gartsua eta zintzoa da Luke; besteak laguntzeko prest dago beti. Eta Kongoko misio batera joatean, balioen gaineko hausnarketa sakon batean murgilduko da.
Filmeko istorioa benetako gertaeretan dago oinarrituta. Hain zuzen ere, Marie-Louise Habets moja belgikarraren bizitza da ardatza -Kathryn C. Hulmek eleberri bat idatzi zuen-. Hepburnek moja hura ezagutu zuen, eta horrek pertsonaian sakontzeko aukera eman zion.
Urtzi Urkizu
############
Historia de una monja
ETB2, 23:25. Zuz.: Fred Zinnemann. Akt.: Audrey Hepburn, Peter Finch, Edith Evans, Peggy Ashcroft, Dean Jagger, Mildred Dunnock, Beatrice Straight.149 min. AEB, 1959.
############
Audrey Hepburn bikain moja baten rolean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu