Diseinatzaile berrien ideiekin jantzita gaztetu da Donostia asteburu honetan. Kutxa Kultur Moda ekimenak antolatuta, Diseinatzaile Gazteen II. erakustaldia prestatu dute, Errege Katolikoen kalean jarritako karpa batean. Aurreko urteko arrakasta ikusita, bigarrengoz egin dute erakustaldia. Gaur amaituko da hiru egun iraun duen erakusketa.
Moda munduaren hastapenetan dauden hogei diseinatzaile bildu dituzte aurtengo ekitaldian. Arrakasta gosez, aukera baliatzeko gogoarekin guztiak. Donostiakoak edo ingurukoak dira erakustaldian parte hartu duten diseinatzaile gehienak, baina Bartzelonatik eta Madrildik etorri diren batzuk ere badaude. Moda munduan emakumezkoek duten nagusitasuna agerian geratu da, Iunik markako Julen Pejenaute diseinatzailea baita parte hartu duen gizonezko bakarra.
Parte hartzaileentzat aukera ezin hobea da asteburu honetakoa; beren lanak jendaurrean aurkeztuko dituzte, eta jendearen iritzia jasoko dute. Erakustaldia irekia da, eta nahi duen oro joan daiteke jantziak eta osagarriak ikustera. Horrek moda mundutik kanpo dagoen jendeari gerturatzeko aukera emango dio. Ali de Bali markako Alicia Martinezen aburuz, «interesgarria» da jende arruntaren iritzia jasotzea. «Moda mundua jendeari hurbiltzeko modu oso polita da. Diseinatzaileentzat oso garrantzitsua da pertsonen erreakzioa ikustea, gure diseinuek interesik sortzen duten jakitea. Asko sor dezakegu, baina jendeari jaramonik egiten ez badiogu, ez dugu bilakaerarik izango».
Beren sorkuntzak bi eratan aurkeztu dituzte diseinatzaileek. Aurrenik, 12:00etatik 20:00etara showroom izenekoan erakusten dute beren materiala; gero, egun osoan esekitokietan zintzilik egon diren arropak jaso, eta ibiltokian desfilatzen dute modeloek.
Guztiek ez dute ibiltokian parte hartzen, baina. Hamalau diseinatzaileek aurkeztuko dituzte beren jantziak ibiltokian. Martinezek diseinaturikoekin ez ezik, Isabel Arroiabek, Leire Laparrak, Nerea Lurgainek eta Iraia Oiartzabalek diseinaturiko jantziekin ere desfilatuko dute modeloek gaur.
Musikak eta hezkuntzak ere badute beren lekua asteburuan. Ibiltokiaz eta showroom-az aparte, haurrentzako tailerra antolatu dute, moda txikienei hurbiltzeko. Izen eman dutenek arkitektura eta moda elkartuko dute gaur eguerdian, Maushaus proiektuaren eskutik. Haurrek arkitektura arauak jarraituz sortuko dituzte jantziak, eta, gero, horiei bizia ematen saiatuko dira. Horrez gain, DJak egon dira egunero, beren musikarekin karpa girotzeko.
Soinekoak, berokiak, kortseak, gonak eta era guztietako osagarriak daude ikusgai. Estilo eta asmo desberdinarekin bada ere, ildo bera jarraitzen dute sorkuntza guztiek: bai jantzi bai osagarri guztiak emakumeentzakoak dira. Galdetzen hasita, erantzuna ematen saiatzen da Martinez: «Emakumeen merkatua zabalagoa da, errazagoa. Gizonezkoen mundua zailagoa da, eta asko berritu daitekeen arren, diseinu berri horiekiko harrera gogorragoa da. Errazagoa da emakumeentzako diseinuekin hastea, eta gero zure estiloa gizonengan egokitzea».
Ikusgai dagoen materiala salgai daukate diseinatzaile askok. Interesaturik dagoen jendeak haiekin hitz egin dezake, eta akordio bat lortu; bai momentuan erosteko, bai eta etorkizunerako eskaeraren bat egiteko ere.
Baina kanpora begiratzea bezain garrantzitsua da barrura begiratzea. Izen ona lortzeko eta oihartzuna izateko baliagarria da asteburu honetako erakusketa. Diseinatzaileentzat garrantzitsua da elkar ezagutzea eta batzuek besteei laguntzea. Batzuek elkar ezagutzen diren arren, badira modan orain gutxi sartu direnak; Re.diseño markako Angela Bononato, esaterako. Proiektu berritzailea du eskuetan, ehuna birziklatzea, eta, erakusketaren lehen egunean inor ezagutzen ez zuen arren, erakustaldia kontaktuak egiteko eta bere proiektua ezagutarazteko erabili nahi du.
Aukera baliatzeko asmoarekin
Kutxa Kultur Moda ekimenak bultzatuta, gazte diseinatzaileen erakustaldia hasi da Donostiako Errege Katolikoen kaleanHastapenetan dauden hogei diseinatzailek beren lana aurkeztu dute asteburu honetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu