Aukera galduak

santi leone
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ratzinger Santiagon eta Bartzelonan ibili den honetan, segurtasuna izan dute mintzagai hedabideek. Alferrik, nire ustez: Bibliak dioen bezala, zeruko jaunak lurreko xoririk ñimiño eta ezdeusena ere zaintzen badu, ez al du, bada, mundu honetan duen ordezkaria babestuko? Hori edonola den ere, Ratzingerrek berak kerubin itxurarik ez zuten bizkartzainen laguntza nahiago izan du bere bisitan. Baina, artetik erran dezadan, aukera ederra galdu du horrela.

Nafarroako Unibertsitatean ikasten ari nintzela, teologia irakasleak azaldu zigun Jaungoikoak Wojtylaren sufrimendua saritu nahi izan zuela Europako komunismoa eroraraziz (horra kaosaren teoriaren adibide ezin politagoa: norbaitek eraso egiten dio agure bati eta, ondorioz, sistema politiko oso bat hondoratzen da Europan. Eta izanen da, gero, zientzia eta fedea bateraezinak direla dioenik). Pentsa, beraz, zer gerta zitekeen, bisita honetan norbaitek Vatikanoko estatuburua kolpatu izan balu: aingeruek igorritako birus baten ondorioz, homosexual guziak heterosexual bihur zitezkeen, edo bakterio zerutiar bati esker, urte oso bateko kondoi ekoizpen guzia akastun atera fabrikatik. Auskalo.

Munduaren hobe beharrez zauri bat jasotzearena ez da Ratzingerrek galdu duen aukera bakarra. Iruñera etortzera, hauta zezakeen non nahi zukeen jartzea hil ondoren dedikatuko zaizkion etorbidea eta estatua. Zeren, ez izan dudarik, dedikatu eginen zaizkio, ez baitu iduri Nafarroako egoerak aldatu behar duenik. Baina, horretan ere, Wojtylaren oinazeek dute errua naski.

Teologia irakasle hari galdegin behar nion. Kaka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.