Komunikazioa

Aukera ON komunikazio proiektua aurkeztu du Euskalerria Irratiak

Emititzeko lizentzia eskuratzear dago, eta bazkide berriak lortu nahi ditu datorren denboraldiari begira

Lizentzia lortuz gero «aro berri bat» hasiko litzatekeela esan zuten ordezkariek. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskalerria Irratiak Aukera ON komunikazio proiektua aurkeztu zuen atzo Iruñean, euskarazko katearen garai berri baten abiapuntu moduan. Datorren denboraldira begira daude dagoeneko, eta emititzeko lizentzia jomugan dutela, lan prozedurak, antolakuntza egiturak eta produktu berriak prestatu nahi dituzte. Horiez gain, epe laburrera bazkide berriak lortzeko asmoz dabiltzala jakinarazi dute aurkezpenean.

Asmo horiekin guztiekin sortu dute Aukera ON egitasmoa Euskalerria Irratian. «Garai erabakigarria da proiektua abiarazteko», esan du irratiko zuzendari Mikel Bujandak. Iruñerriko euskarazko kate bakarra da Euskalerria Irratia, eta hamalau urte daramatza egoera alegal batean emanaldiak egiten. Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu izan dio emititzeko baimena.

Duela gutxi, ordea, bi irrati lizentzia banatzeko lehia abiarazi ditu Iruñerrian, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko dute azken ebazpena. Bujanda itxaropentsu da, eta iragarri du irabaztera joko dutela, «nahiz eta Gobernuak prestatutako baremoa irratiaren neurrikoa ez izan». Dena den, irabaziko dutelakoan badago ere, Bujandak esan du ikusteko dagoela «lehiaketaren arduradunek garaipen hori onartuko duten ala ez». Adierazi du Gobernuak ez duela argudiorik izango ezezkoa ematen badu.

Erreferente izateko, laguntza

Emititzeko baimenaren zain diharduten bitartean, kateko ordezkariek diote irratiaren proiektu estrategikoaren alde jarraituko dutela lanean. «Euskal hedabide erreferentea izan nahi dugu, Nafarroa errealaren berri jaso nahi dutenen guztientzat», azaldu du Juan Kruz Lakasta kazetariak. Horrez gain, esan du komunikazioaren esparruan gertatzen ari diren aldaketei irmo erantzutea dela erronka nagusietako bat.

Helburu horiek betetzeko, baina, irratiko ordezkariek diote funtsezkoa dela emititzeko baimena lortzea, eta, hala izanez gero, uste dute herritarren laguntza «ezinbestekoa» izango dela. Egun 800 bazkide ditu irratiak, baina publizitate irabaziak eta laguntza publikoak murrizten ari direla ikusita, ekarpen gehiagoren premia dutela iragarri du Euskalerria Irratiko Elkarteko buru Kike Diezek: «Bistan da euskal komunikabideen diru iturriak behera egiten ari direla, eta, hori horrela, inoiz baino garrantzitsuagoa da bazkideen ekarpena».

Katearen hurrengo pausoa webgune berria abiaraztea izango da. Bi asteren buruan aurkeztuko dute, baina beta bertsioa zabalik dago dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.