Hilaren 20tik 28ra egingo dute 67. Zinemaldia, eta egun horietan gertatzen den guztia Zurriolako butaka telebista saioan ikusi ahalko da. Zortzigarren urtez egingo dute saioa, Donostiako Kursaaletik. Ohi bezala, euskal zinemak izango du lehentasuna. Baina sail guztietan estreinatuko dituzten pelikula, dokumental eta film laburrek izango dute tartea. Bai sortzaileen, bai kritikarien bai hedabideetako kazetarien ahotan.
Elkarrizketak dira programaren ardatza, baina askotariko bideoek osatzen dute Zurriolako butaka. Hainbat urtez Inaxio Esnaolak aurkeztu zuen saioa, baina, iaz, Anabel Arraizak hartu zion erreleboa. Hamaika telebistan hainbat saio aurkeztu ditu Arraizak azkeneko hiru urteetan.
Ohiko moduan, saioa BERRIAren webgunean ikusi ahalko da, baita telebista tradizionalaren bidez Hamaikaren eskutik ere. Sare sozialetan ere zabalduko dituzte programako eduki guztiak. #Zbutaka traola erabiliko dute.
Iaz, Black is Beltza filmari buruz Fermin Muguruzarekin eta Beñat Beitiarekin egin zuten elkarrizketak oihartzun handia izan zuen. Eta Muguruzak bideo batean babesa eman dio programari eta zinemazaleak animatu ditu saioarekin bat egin dezaten.
Hilaren 17an aurkezpen bat egingo dute saioan parte hartzen duten sei komunikabideek, berritasun eta xehetasun guztiak emateko.