Donostiako Aste Nagusia. Aitor Valdecantos. Valecea su etxeko kudeatzailea

«Aurten, ez gatoz lehiatzera, baizik eta ikuskizuna ematera»

Su festa eta musika uztartuko ditu gaur Valecea su etxeak, Viktoria Eugenia antzokiak ehun urte bete dituela ospatzeko.

2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Gaur gauean, ikuskizun berezia emango du Donostian Arabako Valecea su etxeak, Viktoria Eugenia antzokiaren ehungarren urteurrenaren harira. Su festa eta musika uztartuko ditu, ikusleek antzokiaren historian barna bidaia egin dezaten. Aitor Valdecantosek diseinatu du su festa, eta gaur gauean berak gidatuko du. «Koadro bat pintatzearen modukoa da, baina musikarekin». Valdecantos «harro» dago Donostiak ikuskizun hau emateko aukera eman dielako. Duela bi urte, brontzea eskuratu zuten, baina aurten ez datoz lehiatzera, ikuskizuna ematera baizik.

Nolakoa izango da gaur gaueko ikuskizuna?

Gai baten inguruko ikuskizuna izango da. Aurten Viktoria Eugenia antzokiak ehun urte bete dituenez, jaiak amaitzeko su ikuskizuna horrekin lotuta egongo da. Omenaldi antzeko bat izango da. Hamar abestiz osaturiko ikuskizun bat da, baina ezin dut esan zehazki zeintzuk aukeratu ditugun; hori ezustekoa izatea nahi dugu. Abestien bidez, Viktoria Eugeniaren historian barna bidaiatuko dugu hogei bat minutuz. Ikuskizun piromusikaletan, lehenbizi musika aukeratzen dugu, eta horren arabera diseinatzen dugu su festa. Abestia entzuten dugu, eta barrenak eskatzen diguna egiten dugu. Doinu batzuek, esaterako, kolore gorria eskatzen didate, eta beste batzuek, beste kolore bat. Koadro bat pintatzearen modukoa da, baina musikarekin.

Su festa musikaren erritmoarekin bat etortzeko, lan handia egin beharko da aurretik, ezta?

Dezente. Hiru bat hilabete ematen ditugu lanean proiektu bat aurrera ateratzeko. Azken finean, maina handiarekin egin beharreko lana da. Denborak ere ohiko ikuskizunetan baino as-koz zehatzagoak izaten dira, eta horrek lan handia eskatzen du.

Musikak ez al dio protagonismoa kentzen hain berezia den su hotsa-ri?

Inola ere ez. Ikuskizun piromusikal asko egiten ditut Euskal Herrian. Esaterako, Trapagaranen [Bizkaia], hamabi urte daramatzagu piromusikalak egiten, eta, Langraiz Okan [Araba], aurten 21. urtea izango da. Esan nahi dut behin ikuskizun piromusikalak probatzen dituenak nahiago izaten dituela ohiko su festak baino. Seat markako auto bat eta Mercedes markako bat alderatzearen modukoa da.

Zenbat pertsona egongo zarete ikuskizunaren momentuan hori guztia antolatzeko?

Dena prestatzen hiru egun eman ditugu, eta hamabi pertsona aritu dira lanean. Ikuskizunaren unean, ordea, neu bakarrik egongo naiz dena kontrolatzen. Botoiei ematea baino ez da egin behar, kontrol guztiak digitalak baitira. Kontuan izan segundoko hogei tiro botatzen ditugula. Eskuz egin beharko bagenu, ezinezkoa izango litzateke.

Orokorrean, jendeari nolako su festak gustatzen zaizkio? Noiz jasotzen duzue txalo gehien?

Lehen, jendeari gehienbat zarata gustatzen zitzaion, azken sorta hori. Baina, orain, gero eta kritikoagoak dira, eta gehiago baloratzen dituzte kontu teknikoak. Esaterako, gu Euskal Herriko fabrikatzaile bakarrak gara; bolboratik hasi eta jarraian datorren guztia guk geuk egiten dugu. Beste askok, ordea, Txinatik erosten dituzte suak. Horiek merkeagoak dira, baina kalitatez eskasagoak. Koloreek, esaterako, gutxiago irauten dute. Eta jendea, harrigarria bada ere, ezberdintasuna bereizteko gai da. Hori harro egoteko modukoa da guretzat. Eta Donostiak Euskal Herriko su etxe bati aukera hau ematea ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Azken finean, gu hemengoak gara eta hemen lan egitea gustatzen zaigu.

Lehen ere izanak zarete Donostiako Aste Nagusian?

Bai. Donostian egin zen lehen lehiaketan, 1963an, gu han izan ginen. Azkenekoz 2010ean hartu genuen parte, eta brontzea lortu genuen. Oraingoan, berriz, ez gatoz lehiatzera, ikuskizuna ematera baizik.

Ezustekorik izango al da gaurko ikuskizunean?

Bai, noski, baina esaten badut, ez da ezustekoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.