Aurten, 'Filemona'

San Tomas egunean Donostian erakusgai izango den txerriari 'Filemona' izena jarri diote. 320 kiloko pisua dauka, eta Leitzatik eramango dute

2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Taloa txistorrarekin, txorizo egosiarekin, hirugiharrarekin, txokolatearekin... Urtean behin baldin bada ere, taloa jateko aprobetxatzen du batek baino gehiagok San Tomas egunean. Arropak zikintzea normala izan ohi da egun horretan, txerrikia izaten baita nagusi taloen artean, gantza dariola edo dayola. Donostian ezaguna da egun hori, eta milaka lagun biltzen da hiriburuan. Txerri bat ere izaten da bertan, herritarrei erakusteko.

Konstituzio plazan izango da ikusgai egun osoan. Hiru urte eta 320 kilo inguru ditu, eta hari esker, jendeak, kalean dabilen bitartean, bizirik dagoen txerri bat nolakoa den ikusteko aukera izango du. Duela urte batzuk arte egunaren amaieran zozketatu egiten zen txerria, baina, animaliaren erabilera desegokia zela iritzita, duela urte batzuk legez debekatu, eta erakutsi bakarrik egiten dute, ondoren etxera bueltatzeko.

Donostiako Udalak Filemona izena jartzea erabaki du, eta jendea galdezka da hurrengo urtekoari Mortadela jarriko ote dioten, baina datorren urtera arte ez dugu horren berri izango.

Leitzatik (Nafarroa) ekarriko dute aurten, Arro baserritik, hain zuzen. Kristina Saralegi da haren jabea, eta dagoeneko ohituta dago ibilbide hori egiten, aurtengoan zortzigarrengo aldiz jarraian eramango baitu animalia. Nahiko izen arraroak jartzen dizkiete santomasetan erakusgai egoten diren txerriei, baina nagusiak berak dio ez daukala horretarako ohitura handirik.

Egun horretako eginbeharra ez zaio oso gogorra egiten, eguneroko lana «gogorragoa» dela dio berak: azpiak ateratzea, jaten ematea eta baserriko behar guztiak egitea, alegia.

Dauzkan bost txerrietatik handiena izateaz gain, txerri ederra dela dio, eta horregatik aukeratu du aurten bera. Donostiako Udalekoak txerri handirik ba al duen galdezka joaten zaizkio irail inguruan. «Handiak gustatzen zaizkie, eta horregatik hartuko zituzten nireak azken zortzi urteetan».

San Martin eguna, urruti

Filemona-ren San Tomas eguna laster iritsiko da, baina bere San Martin eguna ez da oraindik puska batean iritsiko. Txerri batzuk haragitarako izaten dituzte Arro baserrian, baina beste batzuk, berriz, kumeak izateko hazten dituzte. Haren nagusiaren arabera, txerrikumeak hazteko utziko dute Donostian protagonista izango dena; beraz, puska batean ez zaio iritsiko San Martin egunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.