«Aurten hauteskunderik ez dago: ez datoz plakak jartzera»

Ugartek urte mordoxka egin ditu Saturrarango kartzelan gertatutakoak ikertzen. Orain, 70. urteurrenean, bildutakoa zabaltzeko ordua da.

IDOIA ETXEBERRIA MUTRIKU
2008ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
70 urte dira Saturrarango kartzela zabaldu zutela. «Eta ez dadin jendearen oroimenetik galdu», horretarakoxe idatzi eta prestatu du antzezlana Arantza Ugartek. «Oraindik jendea bizi da, baina haiek hiltzen direnean, nora joango da hori? Hitzaldietara 15-20 lagun joaten dira. Liburua argitaratuz gero, irakurriko dute batzuk, baina...». Jende gehiagorengana ailegatzeko egingo dute antzezlana. «Eta historia ere beste bizitasun batekin kontatzen delako antzerkiaren bidez». Ugartek badu eskarmenturik antzerkian; urte mordoxka darama Goizeko Izarra antzerki taldean, zuzendari lanetan. «Saltsa denetan ibili izan gara!».

Lauzpabost urteko ikerketa egin zenuten Xabier Basterretxeak eta biok Saturrarango historiaren inguruan. Nola piztu zitzaizun gai hori jorratzeko interesa?

Ni kasualitatez hasi nintzen horretan. Xabier Basterretxea seminarioan Saturraranen egondakoa zen, eta berak bai, beti eduki du interesa. Ni, izatez, mutrikuarra ere ez naiz... Interesgarria iruditu zitzaidan, eta sartu egin nintzen. Berak egin du artxiboko lana eta nik literatura irakurri, elkarrizketak egin preso egondako emakumeei... Hasieran Saturrarango garai ederra aztertu genuen: bainuetxeen kontua. Oso ludikoa. Zoragarria. Dena zen osasuna zaintzeko... Bigarren lanarekin hasi ginenean, baina, dena zen beltza. Gero eta beltzagoa, gero eta tristeagoa... Artxiboak falta, presoen espedienterik ez, hara eta hona. Azkenean, Martutenen daudela jakin genuen.

Pentsatutakoa baino latzagoa izan zen aurkitutakoa?

Bai, gogorragoa. Eta antzezlanean ez da kontatzen gauza asko. Emakumeek beraiek ere autozentsura asko egiten diete euren buruei. Batzuk ausartagoak dira, eta gehiago kontatzen dute, baina beste askok... Joan zen urtean etorri ziren martxoan, omenaldia egin zitzaienean, eta batek esaten zuen: 'Hori ez dut kontatu nahi'. Eta nik esan nion: 'Hobe ahaztea, ezta?'. Eta berak ezetz: 'Ahaztu ez, inoiz ez. Negar asko egiten dut nik, baina neure artean'. Hori errespetatu egin behar da. Barnekotasun giroa dago antzezlanean ere, argi gutxi... Iluna da eta tristea. Han ez dut uste guk hemen daukaguna baino argi gehiago zutenik, presoak etorri zirenean Saturraranera ez zuten ez kristalik, ez mahairik, ez aulkirik, ezta oherik eta mantarik ere.

Zenbat daude bizirik kartzelan egondakoetatik?

Oraintxe Mutrikun emakume nagusiak bi daude, Victoria eta Sagrario, eta umeak beste bi. Umeek ez daukate oroimenik jada: oso txikiak ziren. Bularreko umeak etorri ziren, eta hiru urterekin atera zituzten kartzelatik. Adin horretan, amengatik apartatzen zituzten. Deban bazegoen beste emakume bat, eta iaz hil zen. Nik hartu-emana izandako asko joan dira. Memoria ere galtzen dihoakie... Badoaz denak. Gehienek ez diete kontatu seme-alabei, baina bilobei bai. Esanez bezala: 'Gu bagoaz, eta hau ahaztu gabe gera dadila'.

Kartzelatik ezer ez da geratzen. Horrela zailagoa da gertatua gogoan izatea, ala?

Bai, gauzak fisikoki ikusten direnean, beti da errazagoa zerbaiti heltzea. Tristura da Saturraran. Ez dago ezer; bakarrik dago horma zati bat, errekatik Ondarroa aldera. Eta hori sukaldearen zatia dela esan didate bertan preso egondako batzuek, baina zaila da irudikatzea. Hor baziren lau eraikin eta kuartelak, ukuiluak, txerriak hazten zituzten lekua... eta erreka bazterrean beste eraikin bat, justu azpian ziegak zituena. Eta ez dago ezer. Argazki pare bat. Plakak han daude, baina plakak hotzak eta hutsak dira. Hori gelditzen da. Eta andreei jasotako lekukotasunak.

Zenbat denbora daramazue antzezlana prestatzen?

Hilabete eta erdi entseatzen, gutxi gorabehera. Askoz gehiago ez. Martxoan egin nuen gidoia. Egin zitekeen beste era batera ere, baina aurten dira 70 urte. Gainera, historia jardunaldiak aste honetan dira, eta hor barruan sartzea nik proposatu nuen. Orduan, beharko egin... Saturrarango oroimena guk ez badugu espabilatzen... Hauteskunderik ez dago, eta orduan politikoak ez datoz plakak jartzera! Hori aurreko urtean izan zen, hauteskundeak zirelako. Aurten ez dago halakorik, ez dago oroimenik. Eta aurten dira 70 urte; iaz 69 urte ziren. Azkenean, zein gogoratzen da? Ba herria. Guri tokatzen zaigu gure partetik jartzea.

Antzezlanean, dena da errealitatetik hartua? Bada asmatutako ezer?

Ez. Kontatzen den-dena errealitatetik jasotakoa da, bertan preso egondakoek kontatutakoa da eta preso egondakoek idatzitako liburuetatik jasotakoa. Ez dago fikziorik. Egoera batzuk antzezten dira: zer gertatzen zen jaterakoan, zer gertatzen zen diziplinarekin... Badakit batzuk minduko direla agian antzerkia ikusita, baina gezurrik ez dago. Ez da asmatutako ezer.

Saturrarango mojen gaiztakeria neurrigabea da. Erlijioaren ikuspegia aldatzeko modukoa?

Erlijiosoen irakurketa bat egiten da antzerkian. Badaude, erlijioa tarteko dela, ustekabeak: alde batetik guk daukagun irudia erlijiosoekiko, batez ere Euskal Herrian, eta benetan zein aurpegi zeukaten; ez denek, baina nahikoa ziren batzuk, eta batez ere buruak baldin baziren. Horrek ez du esan nahi aginduak betetzen zituztenak besteak bezain errudun ez zirenik. Presoen arteko liskarrak ere sortzen zituen erlijioak: batzukkomunistak ziren eta beste batzuk oso erlijiosoak. Batzuentzat mingarria zen batzuk elizara euren borondatez joatea, eta beraiek behartuta; besteentzat, berriz, burla zen erlijioa mespretxatzea.

Urduritasunik bai, estreinaldirako?

Bai, lorik egin ezinik eta. Antzezlan denekin gertatzen zait...



Mesedetako mojen mesedeak

1937an amaitu zen gerra Hego Euskal Herrian. Kartzelak leporaino zeudenez, ikastetxeak eta komentuak bahitu zituzten. Horien artean, Saturrarango seminarioa. Emakumeen kartzela bihurtu zen. Militarrek zaintzen zituzten kartzelaren alde bietako muinoak eta errepidea, sarrera bakarra. Itsasotik ere ez zen aterabiderik. Mojak ziren kartzela-zainak. Usoz jantzitako beleak. Orotara 2.000 emakume inguru igaro ziren handik. 16 eta 80 urte bitartekoak. Sozialistak, komunistak, abertzaleak. Apolitikoak ere ez gutxi. Familiako norbait Errepublikaren alde jardun izana aski baitzen kartzelara eramateko. Asturiarrak ziren emakume gehienak, baina toki askotakoak zeuden: euskaldunak Salamankakoekin batera jarri zituzten.

Mesedetako mojak ez zeuden mesedeak egiteko. Tratu txarrak, zigorrak, debekuak. Presoak umiliatu egiten zituzten. Jana ukatzen zieten. Umeak lapurtzen zizkieten. Gosea, hotza. Gaixotasunak. 1938tik 1944ra 177 pertsona hil ziren Saturrarango kartzelan: 51 ume eta 126 emakume. Mutrikuko kanposantua txiki geratu zen. Kartzela osatu zuten eraikinak 1987an eraitsi zituzten -behinola luxuzko hotela izandakoa tarteko- egoera txarrean zeudelako. Egun, horma zati bat bakarrik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.