BIHAR BERRIA-N

Australiako suteak, euskaldunen ahotan

Sugarrek hartu dute Australia, aurten inoiz baino goizago eta bortitzago. Agintariek jakinarazi dutenez, 10,4 milioi hektarea suntsitu ditu dagoeneko suak. Ekosistemen eta animalien desagerpenean ere eragina izan dute suteek. BERRIAk bertan bizi diren lau euskaldunen iritziak jaso ditu.

Uxue Gutierrez Lorenzo
2020ko urtarrilaren 17a
14:32
Entzun

Alarma gorria piztu da Australian. Iazko irailetik seiehun sutetik gora izan dira herrialdean, eta dagoeneko 10,4 milioi hektarea baino gehiago erre dira. Herrialdeko hego-ekialdean piztu dira suteak, batik bat. Are, Australiako hiri nagusiak diren Sydney eta Melbourneren inguruan eragin nabarmena izan dute suak eta keak.

Melbournen bizi dira, hain justu, Ane Martin antzuolarra (Gipuzkoa) eta Jone Arbilla iruindarra. Hilabete batzuk daramatzate han, eta ezustean harrapatu ditu egoerak. Nahitaez ke kutsatua arnastu dute biek, eta egunero jasotzen dute egoeraren inguruko informazioa, hedabideen eta sare sozialen bidez. Era berean, Sydneyn bizi dira Gernikako (Bizkaia) Bihotza Uberuagara eta Zarauzko (Gipuzkoa) Amaia Zubiaurre. Egoera latzagoa da Sydneyn. Ke masa izugarria da, eta kalean ahalik eta gutxien ibiltzeko gomendatu dute agintariek. Dena den, laurek antzeko susmoa dute: Australiako Gobernuak berandu erreakzionatu du, eta baliteke ezkutuko informazioa egotea.

Herritarren bizi kalitatea murrizteaz gain, animalia askoren desagerpena eta biodibertsitatearen galera nabarmena eragin ditu suak. Chris Didckman Sydneyko Unibertsitateko irakasleak egindako estimazioaren arabera, 1.250 milioi animalia hil dira dagoeneko. Eguraldiak ere eragina izan du, eta lehorteak hasitako hondamena sakondu du suak.

Australiako egoera kezkagarria ez ezik, Hazparneko Ttattola gaztetxearen (Lapurdi) itxiera ere izango da mintzagai biharko Bizigiro sailean. Hemezortzi urteren ondoren, gaztetxeak betiko itxiko ditu ateak. Asteburu honetan egingo dute agur festa. Bertatik igarotako kide ohien hitzak biltzen ditu erreportajeak.

Zinemari dagokionez, Todd Haynes zuzendari estatubatuarraren Dark Waters filma izango du hizpide Gontzal Agotek. Gastronomia atalean, sukaldaritza tradizionala eta modernoa uztartzen dituen Latasako (Nafarroa) Biltegia jatetxearen inguruko erreportajea egongo da irakurgai.

Bukatzeko, astebururako bost plan, aukeran: Gartxot eguna ospatuko dute Itzaltzun (Nafarroa); Kardu eguna Azkoienen (Nafarroa); Gaztagintza eta arkumeen sekretuak dastatzeko aukera egongo da Seguran (Gipuzkoa); Faba erregearen festa antolatu dute Iruñean; eta Bixintxoak egingo dituzte, berriz, Ziburun eta Hendaian (Lapurdi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.