Zientzia. Olga Peñagarikano. Ikertzailea

«Autismoak kausa bakarra ez duenez, beti egongo da lekua ideia kaltegarrientzat»

EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaile buruak koordinatuko du autismoari bidea errazten dion garun mekanismoa identifikatzeko Europako egitasmoa. ERA-NET Neurom sareak 800.000 euro eman dizkio hiru urteko ikerketari.

Olga Peñagarikano ikertzailea. EHU.
Edu Lartzanguren.
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Olga Peñagarikano (Tolosa, Gipuzkoa, 1974) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzaile burua da. Euskal Herriko, Frantziako, Belgikako eta Alemaniako lau talde koordinatuko ditu 2021 arte, autismoaren kausa neurologikoa identifikatzen saiatzeko ikerketan. Ia hirurogei umetik batek dauka autismoa.

Lehen ere aritu zara lanean autismoaren gaian. Nolako ikerketak egin dituzu orain arte?

Autismoa gaitz psikiatriko bat da, garunaren garapenean gertaturiko arazoek eragindakoa. Baina oraindik ez dakigu zein den gaitza eragiten duen oinarri neurobiologiko zehatza, eta, ondorioz, ezin izan dira botikak garatu gaitzarekin lotutako gabeziak tratatzeko edo konpentsatzeko. Hori egiteko, hil ala bizikoa da animaliekin autismo ereduak garatzea, pertsonekin egin daitekeen ikerketa oso mugatuta baitago garuna ikertzeko erabil ditzakegun teknikei dagokienez. Nire lana animalien portaera ereduak aztertzea izan da, batez ere saguenak, eta haiekin ikertzea gaitza eragiten duten kausa neurobiologikoak, eta botikak probatzea, sintomak hobetzeko.

Europako ikerketa koordinatuko duzu. Nola lortu du zure taldeak Europako ikerketan buru izatea alor horretan?

Batez ere AEBetan ikasi nuen; han hamar urte pasatu nituen autismoaren eta horrekin loturiko gaitzen inguruan lanean. Duela hiru urte Europara itzuli nintzenean, harritu egin ninduen ikusteak zein ezagutza gutxi zegoen gaitzaz, eta zein baliabide gutxi eskaintzen zizkioten haren ikerketari, AEBen aldean. Han, lehentasunezko gaitzat dute; izan ere, ehun pertsonatik biri eragiten die! Horregatik, Europako beste talde batzuekin jarri nintzen harremanetan, antzeko gaietan zebiltzanekin: neurogarapena, epilepsia, neuronen migrazioa... Buruko gaitzen Europako ikerketa deialdia atera zenerako, aritua nintzen elkarlanean horretan zebiltzan lanekin; beraz, besterik gabe, deialdi ofizial batean eskatzeko urratsa egin genuen. Gure taldea koordinatzaile gisa arituko da, geuk baitaukagu esperientzia handiena alor honetan.

Nola planteatuko duzu ikerketa? Zer arazo gainditu beharko dituzu lau herrialdetako taldeak koordinatzeko orduan?

Zorionez, ikerketa proposamena planteatzeko orduan, talde bakoitzak egingo dituen lanak oso argi daude. Gainera, diziplinarteko taldea izanik, talde bakoitza aditua da bere eremuan, eta, beraz, ez dago elkar zapaltzeko arriskurik. Hau da, guk portaerak ikertuko ditugu, eta haiei dagozkien neurona zirkuituak modulatzeak duen eragina. Horrez gain, botikak probatuko ditugu. Beste talde batek garunaren garapena ikertuko du. Bilera bat egiteko asmoa dugu egitasmoaren hasieran, aurtengo ekainean, lanak zehazteko. Gero, beste bat egingo dugu egitasmoaren aurrerapena baloratzeko, eta zuzentzeko, beharrezkoa bada. Talde guztiek esperientzia handia dutenez, ez dut uste arazorik egongo denik ikerketari dagokionez. Beharbada, sortuko dira arazo burokratikoak, herrialde bakoitzak bere arauak baititu. Horiek konponduz joango gara.

Misterioz inguraturiko gaitza da autismoa. Denetatik esan izan da haren kausen inguruan: kutsadurak eragiten duela, alkoholak, tabakoak, jaio aurreko estresak... Zuek gaitz genetiko gisa tratatuko duzue?

Autismoa batez ere gaitz genetikoa da, baina ehunka genek eragiten diote. Ingurumeneko faktoreen nolabaiteko eragina ere badu. Bi eragileok, bakoitza bere aldetik edo batera, garunaren garapenean asaldura sortzen dute, neurri batekoa edo bestekoa. Edonola ere, kausa neurologiko horiek eragingo dituzte sintomak. Ikerketan, saiatuko gara aurkitzen autismoaren hainbat kausa genetikok nola egiten duten bat neurobiologikoki, animalia ereduak erabiltzen, baita gaixoen zeluletatik kultibaturiko garunak ere, terapiak garatzen hasteko.

Ikerketa batzuen arabera, haur autistek normalak ez diren patroiak dituzte garunetako uhinetan, eta burmuineko gune batzuk gutxiago garatuta. Baina horiek zer dira, autismoaren kausak edo ondorioak?

Portaera batzuek definitzen dute autismoa: giza harreman ez normalak, eta portaera errepikakorrak. Portaera zirkuitu neuronalen funtzionamenduaren emaitza besterik ez dira sintoma horiek. Garunaren garapenean edo funtzionamenduan ikusiko ditugun arazoak kausa izango dira, printzipioz, neuronen arteko loturek —tokian tokikoek zein zirkuituen artekoek— erabakitzen baitute portaera, azken batean.

Antza denez, haurtzaroan autismo arazo larriak izan zituzten helduen %30ek epilepsia kolpeak dituzte gero. Autismoaren eta epilepsiaren artean dagoen harremana ikertuko duzue?

Ez dugu hori zehazki aztertuko, batez ere denbora eta dirua mugatuak ditugulako. Baina, bai, epilepsia autismoari loturiko sintoma da, eta ikertuko ditugun autismoaren forma genetikoek epilepsia daukate. Beraz, baliteke horrekin loturiko zerbait aurkitzea.

Autismoaren inguruko ezjakintasuna bestelako kalteak eragiten ari da munduan. Zure ikerketak balioko al du autismoaren inguruan sortu duten sasizientzia, besteak beste txertoen aurkako mugimendua, suntsitzen laguntzeko?

Zoritxarrez, autismoaren neurobiologia asaldatuak kausa bakarra ez duenez, baizik eta hainbat, beti egongo da lekua ideia kaltegarrientzat eta zentzugabekoentzat. Jende askok ez daki txertoen kontua bultzatu zuen sendagileak txerto hirukoitz birikoa zapuztu nahi zuela —elgorriaren, hazizurrien eta errubeolaren kontrakoa—, gero berak «txerto seguru» bat garatzeko. Interes ekonomikoak ziren, besterik gabe.

Espero duzue autismoaren gakoa topatzea datozen hiru urteetan? Eta hura saihesteko edo tratatzeko modua?

Lehen esan dudan bezala, gaur uste dugu ez dagoela autismoaren kausa edo gako bakarra, baizik eta hainbat. Ikertzaileon helburua kausak zehatuz joatea da, gutxienez gaixoak sailkatu ahal izateko, tratamendu egokia jaso dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.