Familia bat hautatu zuten atzo San Femin ikastolako kideek beren ikastetxearen historia aldarrikatzeko: usoztarrak hautatu zituzten hasiera ekitaldian zinta mozteko. Ekintza sinbolikoa zen. Aitzindarien lanaren aitorpena eta jarraipenarekiko konpromisoa uztartzen zituen irudiak. Javier, Begoña eta Saioa. Aita, alaba, eta iloba. Ikastolarekin lotutako hiru belaunaldi, abizen bakarraren atzean. Ikastola abiatu zuenetariko bat izan zen Javier aita. Ikasle izatetik irakasle izatera pasa da Begoña, alaba, eta gaur egun oraindik ikastetxean dago Saioa, iloba. Etorkizunera bideratutako memoria ariketa bat da. Hunkituta zegoen Javier: «Gurekin hasi zen ikastola, 1977an, eta hari lotuta dago gure familiaren historia ere. 1980ko hamarkadan erosi genuen eraikina, eta pixkanaka-pixkanaka handituz joan da gero».
Nahasian joan ziren aldarrikapena eta festa ekitaldian. Euskararen legea «zaharkituta» gelditu dela esan zuen Javier Barkos San Fermin Ikastolako lehendakariak, eta errealitateak «gainditu» egin duela. «Euskarazko irakaskuntza jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu nafar guztientzat». Euskalerria Irratiak 25 urtean egin duen lana ere gogorarazi zuen. «Ulergaitza da 25 urte antenan eman eta gero oraindik legeztatu gabe jarraitzea». Eta esker ona azaldu zien zailtasunak zailtasun festarekin bat egin zuten guztiei: «Oinez fenomenoak bizirik eusten dio auzolanaren izpiritu solidarioari. Eta izpiritu horretaz harro gaude». Garai zailak direla ere gogorarazi zuen, halere.
Hezkuntza erreformak izan zituen mintzagai Izaskun Arratibel Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak. San Fermin ikastolak orain 12 urte egindako Nafarroa Oinez hartu zuen abiapuntutzat, baina gaurkotasuna izan zuen mintzagai. LOGSE legeak eskatzen zituen moldaketak egin ahal izateko dirua biltzea izan zen 2000. urteko helburua, eta egun ere «kezka» duela aitortu zuen. Erreforma hotsez aritu zen. «Uniformazio hotsak heldu dira, curriculum propioaren aurka». Eta eskari argia egin zuen: «Hezkuntza gastuari bere benetako balioa eman behar zaio».
Umoreak ere izan zuen tarterik, halere. Mikrofonoa hartu eta iraganari begira jarri ziren ikastolako haurrak, eta gurasoei garai bateko ikastolari buruz entzundakoak aipatu zituzten: «Libururik ere ez zutela bota zidan behin! Ez nion deus esan, baina gezurra delakoan nago, libururik gabe ezin baita ikasi. Tira, agian bai, ordenagailua baduzu».
Politika eta kultura alorretako jende asko izan zen ekitaldian. Zizur Txikian izan ziren, besteak beste, Bakartxo Ruiz eta Maiorga Ramirez (Bildu), Patxi Zabaleta eta Aritz Romeo (Aralar), Uxue Barkos (Geroa Bai),Roman Felones (PSN), Maximino Gomez (Euskarabidea), Helios Del Santo (AEK), Sagrario Aleman (IKA), Carlos Garaikoetxea (EA) eta Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako kontseilariordea.
Tuterako Argiak hurrengoa
Tuterako Argia ikastolak antolatuko du hurrengo urteko festa, eta atzo jaso zuen lekukoa. Susana Suarez ikastolako lehendakariak hartu zuen hitza: «Ez gara langile asko, ez familia asko ere. Gure komunitatea ez da oso handia, baina hori da gure indarra. Hori eta Ikastolen mugimenduak ematen diguna». Nafarroako beste ikastolekintzat esker on hitzak ere izan zituen. «Gure ikastolak behar duelako, familiek merezi dutelako eta Erriberan euskarak behar duelako».
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Iruñeko Euskalerria Irratiak aipamen berezia izan zuten, eta Jakiunde Arte eta Letren Akademia ere omendu nahi izan zuten atzo. Eta diasporak ere izan zuen presentzia omenaldi ekitaldian, Argentinako Necochea herriko ikastolatik bidalitako bideoari esker.
Auzolanaren izpiritua
Nafar guztiek euskaraz ikasteko duten eskubidea izan dute gogoan jaiaren antolatzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu