Urtebete da Gasteizko Alde Zaharreko auzokideek Aiztogile kaleko 26an bolatokia paratu zutela, antzina ikaztegia izandako orube batean, urteetan utzita zegoenean. Egun batzuk geroago, Udalak berriz ere horma altxatu eta orubea itxi zuen. Auzokideek, baina, temati, orubea ostera ere txukundu eta erabilgarri bilakatu dute.
Ateari giltzarrapoa kendu, eta, lanabesak eskuan, urtebetean hazitako sastraka artera sartu ziren, atzo arratsaldean, dozenaka lagun Alde Zaharreko orubera. Landareak moztu, hilabete hauetan pilatutako zaborra bildu eta txukundu ostean, berriz ere auzokideek erabili ahal izateko moduan utzi zuten. «Gero eta esparru publiko gutxiago dago auzoan; urtez urte txokoak galtzen ari gara, auzokoak bildu eta elkar topatzeko, eta horregatik garrantzitsua da hauxe», azaldu zuen auzolanean ari zen Koldo Alzolak. «Udalak auzokoen beharrak asetzen ez dituen neurrian, erakutsi dugu auzokoak gai garela elkarlanaren bitartez horiek asetzeko».
Udalak Alde Zaharrerako «bestelako asmoak» ditu auzolaneko kideen arabera, auzokoak kontuan hartzen ez dituela. «Udalaren asmoetarako oztopo bat baino ez dira esparru publikoak, edota auzoko eskola bera, beste egitasmo batzuk dituztelako buruan, turismoari begira», berretsi zuen Alzolak.
Aiztogile kaleko orubean, iaz,bolatoki bat paratu zuten, elkarlanaren bitartez, atzo beste egitasmo batekin bildu ziren. «Esparrua berriz ere garbitzea eta zabaltzea da aurtengo asmoa, eta, horrekin batera, gauean, bideo baten aurkezpena egitea», adierazi zuen ArrateAlbainak.
Eta hala egin zuten. Orubea behar bezala prestatu ondoren,udako zinema areto baten moduan utzi zuten, alfonbra gorri eta guzti. Hollywooedeko izarren pare, dotore jantzita agertu ziren auzokideak dokumentalaren estreinaldi handira.
Auzoa, pantaila handira
Aiztogile kalean zebiltzanak alfonbratik agurtu, eta, argazki eta guzti, ikuskizun dotorea egin zuten. Ez baitzen nolanahiko aurkezpena; hain zuzen, auzoaren inguruko dokumentala ikusi ahal izan zuten, auzokideek eurek prestatutakoa: Tras las piedras vive un barrio. Dabilen auzoari goroldiorik ez. «Elkartzen taldea, Gaztetxea, 103. etxe okupatutako bizilagunak... Azken batean auzotarron eta kolektiboen iritzia jaso nahi izan dugu bideoan. Nola edo hala udalararen politiken biktima direnen iritziak», azaldu zuen Alzolak.
Udalarekin «liskarrik» ez dutela nahi esan zuten, baina «bestelako» auzo bat posible dela nabarmendu zuten. Atzo, esparrua garbitzea eta erabilgarri egitea baino ez zuten helburu. «Horrekin batera, auzolana oso tresna garrantzitsua iruditzen zaigu, elkar ezagutzeko eta bizikidetza dinamika polit bat sortzeko», esan zuen Albainak. Esparruak lortu ez arren herritarrak «aktibo» izan daitezkeela eta euren kabuz gauzak lortzeko ahalmena dutela nabarmendu zuen, «udalak onartu eta pausoa eman arte zain egon gabe». Halako ekintzetan auzo aberatsa dela erakutsi du Alde Zaharrak, kideek azaldu dutenez, «eta elkarlana posible eta beharrezkoa dela».
Dotore jantzita, Jango tabernarekin elkarlanean prestatutako patata pintxoekin afalduta,orubea jendez gainezka izan zen, gauean, dokumentala ikusteko. Txalo zaparrada artean ikusi zituzten euren aktore nagusiak: auzokideak. Baina ospakizuna ez zuten atzo amaitu, asteburuan ere hamaika ekitaldi izango dira, Zaharraz Harro auzoko jaien barruan. Besteak beste,kontzertuak eta auzoa ezagutzeko bisitaldi gidatuak izango dituzte.
Auzolanari, alfonbra gorria
Gasteizko Alde Zaharreko auzokideek Aiztogile kaleko orube bat txukundu zuten bart, elkarlanean, eta zinema emanaldia egin; iaz, bertan bolatokia paratu zuten, baina Udalak ixtea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu