Maratila

Azalak

santi leone
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astean, Yolanda Barcinak «mozketa handi baina beharrezkoak» iragarri zituen, kezka teatralegia aurpegian. Hara!, aspaldian, solas berberak erabili zituen fimosia operatu zidan medikuak, bisturia eskuan. Ez nion penarik batere igarri, baina Italiako ministro baten malkoak ikusitakoan, neure buruari galdegin nion zer eginen nuen nire kirurgialaria, esku artean zeukan maisulan hura moldatu beharrak hunkitua-edo, negarrez hasi izan balitz. Nor izanen ote zen penagarriago, ni, ohatze hartan etzanda, nire birigarro lokartua boneta galtzeko zorian zela, edo hura, negar-zotinka, esku bat nire gizon ttipian eta aizturrak bertzean, mozketa handi baina antza beharrezkoak egiteko prest.

Nor ote da errukigarriago, bihotz oneko ministro sentibera, edo luzeago lan eginda pentsio txikiago jasoko duten milaka biztanleak?

Standard & Poor's-ek, sentimendurik adierazi gabe (krokodilo bat baitute bihotzaren ordez), bide zail baina nonbait beharrezkoa erakutsi diote Europari, eta Europan baietz erantzun diete, fitsik atera gabe. Zer da arriskutsuago demokraziarako, bulego urrun batean berak ekarri krisi baten kontura gure etorkizuna hondatzea batere axola ez zaiona, edo haren aginduak otzan-otzan bete bertzerik egin ez, eta soldata ederra eta dieta oparo bezain ilunak sakelaratu bertze asmorik ez duen politikari-teknokrata?

Guri ziria sartu ahala, beren alderdi humanoena erakusten digute politikariek. Horrelakoetan, gizonttoa burusoil utzi zidan medikuak errandako esaldi bat etortzen zait burura: «Zuk dituzu azal gogorrak, zuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.