Sanferminak Iruñean. Bosgarren entzierroa

Azkar hasi, motel bukatu

'Infundido' izeneko zezena hirutan erori da zezen plazan, eta horrek atzeratu du entzierroa, ordu arte abaila bizian zihoan etaLasterkari asko erori dira, eta hiru eraman dituzte erietxera, kolpeak hartuta

Azkar hasi, motel bukatu.
Iruñea
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Oso azkarra izan zen Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Dena dela, zezen plazara azkena sartu zen zezen beltzak molteldu egin zuen lasterketaren amaiera: hirutan erori zen harean, eta, azkenean, unaiek lagunduta altxatu, eta plazako ukuiluan sartu zen. Lasterketaren abiadura biziagatik, korrikalari asko erori ziren, eta hiru lagun eraman zituzten erietxera, kolpeak hartuta.

Arin-arin igo zuten Santo Domingoko aldapa Cadizko (Espainia) Fuente Ymbro ganadutegiko adardunek, joaldunak lasterketa buruan zituztela. Udaletxe plazara iristerako, baina, zezen beltz batek eta taldeko zuri-zikin bakarrak aurrea hartu zien. Sarreran, ezkerraldean, lasterkari pilaketa bat sortu zen, eta horietako bat bortizki lurrera bota zuten. Halere, ekiteko imintziorik egin gabe bizi-bizi jarraitu zuten bidean. Mercaderes eta Estafetak bat egiten duten bihurguneko hesia jo zuen zezen saldoak, eta taldearen abiadura moteldu.

Elkarturik igo zuten Estafeta,baina kalean aurrera egin ahala taldea luzatuz joan zen. Lasterkariek bizi ibili behar izan zutenadardunen aurrean. Batek baino gehiagok uste baino lehen lurrean bukatu zuen. Taldearen abiadura hain zen azkarra, ezen lasterkari franko jo eta zapaldu zuten bidean. Kailejoiko lasterkari pilaketa iraganda, taldea erabat luzatuta sartu zen zezen plazara; zezen beltz bat ez beste guztiak azkar batean ukuiluan ziren. Taldea ixten zuen Infundido zezenak, ordea, lanak eman zituen. Aurreko hankei ezin eutsiz, hirutan erori zen harean. Adarretatik eta buztanetik hartuta altxarazi eta bideratu zuten zezentokira.

Entzierroa oso bizia izan bazen ere, hiru lasterkari bakarrik eraman zituzten erietxera. Telefonicatik garezurrean trauma batekin eraman zuten bat. Beste biak, Udaletxe plazatik eta Estafetatik eraman zituzten; kolpeak dituzte besoan eta aurpegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.