Victoriano del Rio ganadutegiko (Guadalix de la Sierra, Madrid) zezenek ohi duten gisako entzierroa egin dute: garbia eta azkarra. Bi minutu eta hamahiru segundotan egin dute ibilbide osoa, eta ez dute inor zauritu adarrarekin. Ohi bezala, korrikalariak erori dira, eta bost lagun erietxera eraman dituzte.
Suziria lehertu denean, joaldunen atzetik abiatu dira sei zezenetatik lau, baina Udaletxeko plazara iritsi aurretik aurreratu zaizkie. Joaldunen aurretik egin dute handik aurrerako bide osoa, eta zezen plazako ukuilura haien aurretik sartu dira sei zezenetatik bost. Azkena, gorri kolorekoa, Telefonica aldean erori egin da, eta horregatik atzeratu da. Nolanahi ere, azkar jaiki da eta ibilbideari jarraitu dio, aparteko arriskurik sortu gabe.
Hain justu, korrikalariei gustatu ohi zaien gisako entzierroa izan da gaurkoa. Zezenek ez dute arrisku handiegirik sortu, baina korrikaldi politak egiteko aukera eman dute, batik bat Estafetan. Izan ere, luzatu egin da taldea, erabat sakabanatu gabe.