Korrikalari beteranoek esan ohi dute lehen entzierroa izaten dela, beti, arriskutsuena. Jendea gogo biziz dagoela, urduri ere bai, ez dakielako nola erantzungo duten hankek berriro, izango ote duten ohiko adore eta lasaitasuna egoera zailak gainditzeko. Gozatuko duten beti bezala tentsioarekin, adrenalinarekin, bururaino igotzen den beldurrarekin. Sumatuko ote dituzten giharrak berriro gogor, eta, era berean, arin. Zalantzan baitaude aurten, lasterketa honetan, egokituko ote zaien denek amesten duten egoera hori; haiek bakarrik adardunen aurretik, korrika egiteko tokia nahikoarekin, 50-70 metro ehun gehienez ere tropelaren erdi-erdian, gero baztertu ahal izateko. Lehen entzierroa zalantzena da, urduritasunarena. Horregatik, garrantzitsuenetakoa da.
Atzo, antzeman egiten zen tentsio hori. Betiko korrikalariak elkarri animoak egiten, saltoka urduri, besarkadak, agurrak... Begiradak aurreko kaleari itsatsita.
Baina atzoko entzierroa, aurtengo sanferminetako lehena, azkarra izan zen. Eta hori da entzierro bati buruz esan daitekeen gauzarik onena. Azkarra izan dela. Horrek esan nahi duelako ez dela zezenik atzean geratu, ez dela jende pilaketarik izan, ez dela ustekaberik egon. Bi minutu eta 50 segundu, azkarra da. Alcurrucen ganadutegiko adardunek, beraz, espero bezala gidoitik atera gabe egin zuten Santo Domingoko aldapako zenzetokietatik zezen-plazarainoko bidea. Joaldunek babestuta, taldean, eta bazterrera begiratu gabe. Entzierro bikaina.
Adardun bat aurreratuta
Santo Domingoko aldapan zezen beltz bat aurreratu zen berehala, oso bizi. Hor, aldaparen erdian, irudi bitxia ikusi zen korrikalari bat zezenaren burutik zintzilik geratu zenean. Itxuraz hala ematen bazuen ere, tartean ez zegoen adarrik, baina gazteak animalien bekokitik helduta egin zuen zati bat, harik eta azkenean besoa askatu eta hanken artean erori zen arte. Gainontzeko animaliak gainetik pasatu ziren.
Jende asko zegoen hasierako zati horretan, eta Udaletxe plazan, eta Mercaderes kalean sartu eta berehala, lehen zezena hankaz trabatu eta erori egin zen beste korrikalari bat aurrean zuela. Hor moteldu zen lasterketa, eta joaldunek aurreko adarduna babesean hartu eta Mercaderes kaleko errebolta bera ia talde bakar bat bezala hartu zuten.
Estafetako bidea horrela egin zuten, baina bi zezen atzeratu egin ziren. Joaldunek zabaltzen zuten lasterketa, eta horrek, beharbada, arriskua pixka bat saihestu zuen, tropelak berak bidea garbitu egin zuelako nolabait. Zezen-plazan, baina, joaldunak gazte bat jo eta haren gainean utzi zuen zerraldo. Beste gazte batzuen artean baztertu zuten. Azkenean, sorospen langileek lau lagun bidali zituzten erietxera. Bi Estafeta kalean artatu zituzten, bat Mercaderesen eta bestea Santo Domingon. Kolpeak zituzten ugari.
Azkarra eta garbia
Alcurrucen ganadutegiko adardunek ez zuten arazorik sortu lehen entzierroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu