San Domingoko ukuilutik joaldunak atera dira zezenen aurretik, baina metro gutxi batzuk nahikoa izan dituzte lau zezenek haien aurretik jarri eta ziztu bizian aurrera egiteko. Abiada handia hartu dute, harik eta Estafetako bihurgunean erori diren arte. Bideoa: gaurko entzierroa.
Han izan da gaurko irudi ikusgarrienetako bat: aurrena zihoan zezenak bazterrean zegoen korrikalari australiar bat jo du, eta, gero, apur bat atzeragotik zetorren zezen beixak aireratu egin du. Harrigarria bada ere, ez dute zauritu.
Handik aurrera, hiru zezen beltzak eta beixa luzatuta abiatu dira zezen plazara. Jende gehiegi ere ez zegoen, eta, beraz, haien aurrean lasterka egiteko aukera paregabea zen; baina ez diote askok ere eutsi ahal izan abiada horri.
Apur bat atzeragotik joan dira gainerako bi zezenak, gorriak, joaldunekin batera.
Zezen plazan bazterraldera joaten hasi dira aurrenak, eta, bigarren tropela zuzenean ukuiluetara joan denez, elkarrekin iritsi dira.