KOMUNIKAZIOA

Azkartasuna

Jokin Labaien.
2010eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bizitzan azkarra izan behar omen da. Batzuk badakite azkarrak izaten. Hori etorri zitzaidan burura iragarkia ikusi nuenean. Jesus Callejaren Desafio Extremo saioaren denboraldi berriko lehen atalaren berri ematen zuen. Non eta nire ametsetako Tokion. Fuji mendia zuen helburu, beste abentura sorta bati ekiteko lehen atalean. Ez zegoen bakarrik. Bidelagun, Jesus Vazquez aurkezle ezaguna izango zuen. Arraroa bezain erakargarria. Amua prest zegoen. Hozka egin nion nik, igande gauean.

Ordubete eskasean, Tokioko kaleak, jendea, hotelak, jatekoak, garraiobideak eta igoera laburtu zituzten. Bizi. Aspertzeko astirik eman gabe. Ikuspegiak bi ziren: abenturazalearena, eta hiriko aurkezlearena eta haren senar Robertorena. Ondo lotu zituzten bi muturrak, umorez. Hasieran ez bagenekien ere, amaierarako sorpresa txikia zuten gordeta.

Ohi bezala, dramatismo ukitua ere izan zuen. Argi utzi nahi izan zuten hura ez zela denbora-pasa. Fuji mendia, 3776 metroko altuera soilik duena, gogorra eta gordina da neguan. Hiru protagonisten saiakera baino egun batzuk lehenago, haizete izugarriak eta tenperatura bihozgabeak izan zirela errepikatu zuten, behin eta berriz. Agian, ezingo zutela bidea egin, izotzaren eraginez. Izotzak, gainera, mendizale bat amildegian behera bota zuela duela gutxi. Horri guztiari Jesus Vazquezen esperientzia falta erantsi zioten. Kirolaria izan arren, ez omen zekiten tontorra zapaldu ahal izango zuen. Haiek ez. Nik eskua sutan jarriko nuke baietz.

Izan ere, espero zitezkeen haizete, hoztasun eta gainontzekoez gain, muturreko abenturak ikus-entzuleei saltzeko arrakasta ezinbestekoa da. Eta zein gailur baino leku hobea Cuatro katearen fitxaketa berria aurkezteko. Bai, hori zen Jesus Calleja eta Jesus Vazquez Fujira bidean jarri zituen aitzakia. Amuaren amua. Eta halako gertakaria ezin da bidearen erdian geratuta iragarri. Mendira Prada markako larruzko maletarekin joatea, agian, baina helburuak bete egin behar dira azkarra izateko. Eta aspaldi eman ziguten Jesus Vazquezek bezala Cuatro kateak haien azkartasunaren berri.

Datorren astean, Patagoniako hegoaldeko izotzetara joango dira. Gorra Blanca mendixkaraino joateko, besteak beste, Nico Terol moto gidaria. Egin apustu. Muinoa bere lekutik mugitzen ez bada, behinik-behin, iritsiko ote dira tontorrera?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.