Azken hiru edo lau urteetan gero eta gutxiago egiten dut lo. Batzuetan, loak hartzea kostatzen zait; besteetan, goizegi esnatzen naiz. Irakurri dudanez, insomnioak arazo psikologikoak ditu oinarrian. Egia al da?
Lo egiteko pilulen eta sustantzien kontsumoa ikaragarri igotzen ari da gure artean, eta, ikerketen arabera, biztanleen herenak insomnio mota bat ala bestea sufritzen du. Emakumeak gehiagotan izaten du arazo hori, eta haren sorreran, hainbat faktore daude: fisiologikoak eta fisikoak, ohiturak, bizimodua, izaera, kezkak eta abar.
Loa beharrezkoa da orekan egon daitezen gure gorputza eta gure adimena, gure izaera eta pertsonaren osotasuna. Bakoitzak loaldi bat izaten du, baina, oro har, zortzi orduko loa behar dugu osasuntsu bizitzeko. Insomnioa lo egiteko zailtasuna da, eta insomnio mota bat baino gehiago dago. Oro har, medikuntzan sarritan tratatzen da, eta, zoritxarrez, arazoa medikalizatzea ekartzen du horrek maiz.
Aipatzen duzunaren arabera, datu asko falta dira zure arazoaren azterketa egiteko: loaren kalitatea -nekatuta itzartzen zara ala lasai eta fresko?-, erritmoa eta ordutegia -zein ordutan oheratzen zara? Irakurtzen duzu ohean? Telebista, irratia edo ordenagailua dauzkazu martxan oheratzean?-, jatekoa (zer, noiz, nola eta zenbat afaltzen duzu? Egunean zenbat kafe, te, Coca Cola, tabako...?), egoera fisikoa-kirola egiten duzu? Nolako bizimodua daramazu?-, egoera psikologikoa -arazorik gertatu al zen orain dela lau urte, zure insomnioa hasi zenean? Nola egin diozu aurre arazo horri? Zer-nolako pertsona zara egunez?...-, egoera fisiologikoa-nekatua bukatzen duzu eguna? Badakizu zeure burua eta gorputza erlaxatzen? Gaixotasunik ba al duzu?-.
Diagnostiko zehatza egiteko datu ugari falta dira, baina, ageri denez, zure lo egiteko mekanismoa puskatu zenetik denbora luzea igaro da. Lo faltak dakarzkin ondorioak oso kaltegarriak dira osasunarentzat. Azterketa sakonago bat egiteko psikologo batengana jo.
OSASUNA
Azken hiru edo lau urteetan gero eta gutxiago egiten dut lo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu