Azken makiari buruzko filma

'Caracremada' ikusi ahalko da bihar Donostian, Luis Galter zuzendariaren film txalotua

Lluis Soler aktoreak egiten du Caracremada gerrillariarena filmean. Z / BESTEAK.
Erredakzioa
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Zuzendariaren lehen lan luzea da, baina kritikaren txaloak jaso ditu Veneziako zein Donostiako zinemaldietan. Filmak Ramon Vila Caracremada maki katalanaren istorioa kontatzen du, hitzik gabe. 1936ko gerraren ondorengo eta frankismoaren kontrako azken gerrillaria izan zen.

Hitzik gabe kontatzen du istorioa Lluis Galterrek, hitzek eta orduko diskurtso ideologikoek gertaerak ezkuta ez ditzaten. Vila anarkista izan zen, CNTko kidea, eta 1932. urteko langileen protesten harira, kartzelan sartu zuten Manresan (Katalunia). Faxisten matxinadari aurre egiteko, aske utzi zituzten presoak, eta Vilak parte hartu zuen borrokan. 1939an, muga zeharkatu zuen, eta Argeles-sur-Merreko kontzentrazio esparruan sartu zuten. Nazien kontra borrokatu zen II. Mundu Gerran, eta, hura amaitzean, Kataluniara itzuli zen, frankismoaren aurka aritzera. Guardia Zibilak hil zuen, 1963. urtean.

Paisaia da filmeko benetako protagonista. Borrokalariak naturarekin duen harremanean oinarritzen da, eguneroko keinuetan, eta ohiz kanpoko pertsonaia baten eguneroko gertaeren bidez kontatuta dago. Galterrek istorioa kontatzeko erabili duen era ere ohiz kanpokoa da; zuzena, lehorra eta gogorra, erretratatzen dituen paisaiak, pertsonaiak eta egoerak bezalakoa.

'CARACREMADA'

Noiz. Bihar, 19:30ean.

Non. Kresala zinekluba. Kutxak Arrasate kalean duen aretoan, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.