Komunikazioa. Ekografiak

Azkena

Jokin Labaien.
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Zappingak El Conquistador del fin del mundo ikustera eraman gintuen, beste behin. Minutuak pasa ahala, aho zabalik geratzen ari ginen etxekidea eta biok. Berak gogorarazi zidan dagoeneko zutabe pare bat eskainia niola saioari. Hirugarrena ere merezi zuela gehitu zuen. Baietz, nik. Oherakoan, ezin nuen mesanotxeko liburuan arreta jarri. Hain zuzen, hurrengo zutabea azken bihurtuko zela erabaki nuen arte. Azkena, saioa ostera ez ikusteko hautua egin bainuen. Iparra galdu dutela iruditu zait.

Aurreko zutabean aipatu legez, mingarria egin zitzaidan, igandean ere, saioak egiten duen aldarri militarra. Nagusi jauna deitzen dioten horren presentzia, terminologia eta papera salagarriak iruditzen zaizkit. «Lerroan jarri» eta «lerroa hautsi» esaldiak gehiegitan entzun ditut haren ahotik. Lerroan jarri orduko, gainera, lehiakideei zerbait agintzen dienean, «bai, nagusi jauna» erantzun beharra dute gainontzekoek. Gerra hitza gehiegitan entzun dut. Zer behar den gerra irabazteko, nola jokatu behar duen gerra irabazteko meritua izan nahi duenak, estrategiak, diziplina eta abar. Lehiakideek gogo onez onartu dutela dirudi. Jolastzat hartu dute. Ez naiz haiek epaitzen hasiko. Baina herri gisa gai horrekin sufritu dugun guztia sufritu ondoren, negarguratik gertu dago sentitzen dudana. Eta igandean argi geratu zen hori muturreraino eramatea kameren atzean dagoen taldeari komeni zaiola. Logikoa da. Horregatik, agian, ikusi nuen Julian Iantzi Nagusi jauna delakoari gogortasun handiagoa eskatzen. Isekan ari omen zaizkio lehiakideak. Beren bizitzako esperientziarik muturrekoena bizitzera joan omen dira Patagoniara, eta kantuan eta txantxetan aritzea onartezina omen da.

Halaber, bi lehiakidek saioa uztea erabaki zutela eta, deigarria da, esaterako, aurkezlea haiei koldar deitzen ikustea. Arrazoiketa eskas eta murritz horretan ari zirela iritsi zen mugara eraman ninduena. Lehiakideak salatu zuen Saharako bandera ateratzen zuen bakoitzean kargu hartzen ziotela. Baietz aurkezleak. Horretarako gune jakin batzuk daudela, irabaztean izango zuela horretarako aukera. Beraz, gainontzeko egunetan, mugatu egin diete nahi dutena esan, erakutsi edo aldarrikatzeko eskubidea. Adierazpen askatasunari hegoak ebakitzen dizkiona txori ezaguna bera dela aitortuz, kontzientzia lasaiaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.