"Proiektu honen arduradunari bateria agortu zaio" adierazi du Luistxo Fernandezek, www.azpitituluak.com webgunean argitaratu duen azken sarreran. Azpitutuluak Euskaraz egitasmoak hamar urte beteko ditu 2018ko udan eta orain arteko lanari esker, 958 pelikularentzako azpidatziak jarri ditu eskuragarri, euskaraz.
"Lan asko eskaini diot ideia eta proiektu honi, baina nekatu naiz, eta 1.000 filmeko katalogora iritsitakoan, alto egingo dut", adierazi du Fernandezek. 1.000. pelikulara martxoan-edo iritsiko da katalogoa, arduradunaren iragarpenen arabera. Orduan, proiektua elikatzeari utziko dio, baina ez du webgunea itxiko. Jakitera eman duenez, webgunea martxan izango du, domeinua eta ostatzea ordainduko ditu eta inork film gehiagorenatzako azpitituluak gehitzen baditu "txukun" txertatuko ditu katalogoan.
Hala ere, proiektua "biziberritzeko" aukera aipatu du Fernandezek, 2017ko balantzea, eta 2018ko nire agurra argitalpenean. "Nik 51 urte ditut, baina agertzen bada 30 urte baino gutxiago dituen norbait, gogo zintzo batekin, pasatuko dizkiot ardurak, ikasi dudanaren irakaspen xume batzuekin batera. Ea ba".
2017, "urte ona"
Joan dena "urte ona" izan da euskarazko azpidatzientzako, Fernandezek egin duen balorazioaren arabera. Izan ere, orain arteko gorakadarik handiena izan du azpidatzien katalogoak, "bereziki Open Data Euskadin diru publikoz egindako azpidatzi asko askatu zirelako". Hala, 405 pelikularentzako azpidatziak gehitu ditu proiektuak. Horietatik, 318 enkarguzkoak. Dena den, boluntarioen ekarpena ere nabarmendu du Fernandezek: 83 film itzuli dituzte, eta horietatik 40ren azpidatziak Joxe Aranzabalek egin ditu. Hona Azpitituluak Euskarazen katalogoak izan duen garapena, urtez urte: