Berezia izango da aurten babaren erregearen ospakizuna. Amaiurren egingo dute, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuela 500 urte beteko direnean. Urtez urte herriz aldatzen dute ospakizuna, eta, aurten, konkistarenurteurrena dela eta, Amaiurren ospatzea eskatu zuen bertako udalak. Hala, Xuban Zaldain Arribillaga 11 urteko amaiurtarrak jantziko du errege koroa larunbatean, Amaiurko elizan egingo den ekitaldian. Tokia bera ere berezia izango da, Amaiurko eliza herriko gazteluaren harriekin egina baitago, eta Amaiurko gaztelua izan zen konkistatzaileen menpe geratzen azkenetakoa.
Babaren errege edo erregina koroatzeko ekitaldia Nafarroako Erresumako ohitura zaharra da. Iruñeko Muthiko Alaiak peñak berritu zuen, orain 49 urte. Egun batez, Nafarroako errege edo erregina izateko aukera izaten dute haurrek.
Babaren errege edo erreginaren ospakizunaren egunean festa egun osoa antolatzen du Iruñeko Muthiko Alaiak peñak. Ekitaldi nagusia arratsaldeko zazpietan egingo dute; orduan jarriko diote errege koroa Xuban Zaldain Arribillagari. Ondoren, Muthiko Alaiak taldekoek Erdi Aroko dantzak eskainiko dituzte. Eta, eguna bukatzeko, Erdi Aroko afaria egingo dute. Ekitaldi nagusiak iluntzean egingo badira ere, goizetik hasiko dira festa giroan. Amaiur inguruko herrietan pregoia irakurriko dute goizean. Arratsaldeko bostetan, Amaiurko gazteluaren defendatzaileei omenaldia egingo diete, eta, seietan, herrian bertan Erdi Aroko antzezpena egingo dute, pregoilari, musikari eta dantzarien laguntzarekin.
BABAREN ERREGEA
Non. Amaiurren (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Babaren erregearen ospakizun berezia
Amaiur. Nafarroako Erreinuko ohitura zahar bat antzeztuko dute larunbatean, babaren erregea izendatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu