Babarruna, lanerako sarbide

Tolosako Udalaren eta Lanbideren ekimenez, babarrunak ereiten ikasteko prestakuntza jasotzen ari dira zenbait langabe. Tolosako babarrunaren sektorea indartzen da, bide batez.

Ilargi Agirre.
Zizurkil
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Babarrunak bereizten ari da Josu Garmendia. Itxura eta kolorearen arabera, onak eta txarrak multzotan banatzen ditu. Mekanikaria da, baina langabezian dago, eta nekazaritzari ateak ireki nahi dizkio. Tolosako babarruna ekoizten ikasteko prestakuntza jasotzen ari dira Tolosaldeko hamazazpi langabe, etorkizunean profesionalki sektorean jardun ahal izateko. Tolosako Udalak bultzatu du ekimena Lanbideren laguntzarekin.

Langabeei nekazaritzatik bizitzeko aukera ere badagoela erakutsi nahi diete ikastaroarekin, Asier de los Riosek azaldu duenez. Tolosako ingurumen, garapen ekonomiko, merkataritza eta turismoko zinegotzia da De los Rios. Horretaz gain, Tolosako babarrunaren sektorea indartzeko ere baliatuko dute proiektua. «Lehen sektorean belaunaldi aldaketa bultzatzeko ere baliagarria da», gaineratu du.

Ikastaroa hiru zatitan banatzen da. Irailaren amaieran hasi ziren prestakuntza praktiko nahiz teorikoa jasotzen, eta urtea bukatu arte iraungo dute eskolek. 540 ordutan Tolosako babarrunaren ekoizpenari eskaini zaio denborarik gehiena, baina nekazaritzarekin lotutako bestelako gaiak ere jorratu dituzte, formakuntza osatuagoa eskaintzeko, frutagintza eta baserria nola kudeatu kasu. Bigarren fasean, udalaren bidez sei hilabeteko kontratu aldia izango dute, eta, ondoren, parte hartzaileek sortutako enpresa ekimenei bultzada emango zaie, lan munduan erabat barneratzeko. «Nekazaritzan aurrera jarraitzeko asmoa duenari proiektu bat garatzeko aukera eman nahi diogu», dio De los Riosek.

Askotariko pertsonak

Langabea izatea eta Tolosaldean erroldatuta egotea dira parte hartzaileek bete behar izan dituzten baldintzak. Aukeraketa egiterakoan baserri munduarekiko interesa eta motibazioa ere kontuan hartu zituzten. 21 lagun hasi ziren proiektuan, eta gaur egun hamazazpik jarraitzen dute. Era guztietako pertsonak dira; gazteak zein adinean aurrera joandakoak eta aurretik lanbide ezberdinetan jardundakoak. Zizurkilgo (Gipuzkoa) Fraisoroko nekazaritza eskolan babarrunak bereizten ari direnen artean dago Nora Gurrutxaga, biologian lizentziaduna: «Ingurumena eta nekazaritza gustatzen zaizkit. Babarrunak bildu ditugu hainbat lur sailetan, eta baratzean eta negutegietan ere ibili gara».

Josu Garmendia gustura agertu da. «Lana bilatzeko aukera ona iruditu zitzaidan, eta animatu egin nintzen. Oinarrizko nekazaritzaren inguruko prestakuntza eman digute, ez bakarrik babarrunei buruzkoa; lurraren prozesua, landareen ezaugarri eta gaixotasunak zeintzuk diren ikasi dugu». Hobetzeko alderdiak aurkitu dizkionik ere bada, ordea. «Teoria oso ondo egon da, baina praktika gehiago egitea gustatuko litzaidake. Ulertzekoa da, hala ere; proiektu aitzindaria da. Ekimena oinarrian oso ondo dago», esan du Alejandro Schudelek. Saltoki eta taberna baten jabea zen langabezian geratu aurretik Schudel.

Ekimenaren balorazio ona egiten du De los Riosek; jendearen erantzuna «egokia» izan da, eta batzuek «zenbait proiektu» badituzte buruan. Ideiak ekintzetara pasatzea bakarrik falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.