«Badakigu kantuaren lehen zatia; bigarrena, berriz...»

Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko kadete mailako neskak ozen eta ilusioz abestu dute 'Artillero'. Futbolariak ongi moldatu dira taulan.

Añorga taldeko futbolariak arduratu diraArtillero abestia kantatzeaz. JAGOBA MANTEROLA/ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko kadete mailako neskek abestu zuten atzo Artilleroren abestia, festei hasiera ematen dien Kanoikadaren aurretik. Pozik daude neskak, duela gutxi hirugarren postua irabazita itzuli baitira Helsinki Cup txapelketatik (Finlandia). Maren Gonzalez jokalarietako bat da, eta Unai Martinez, haien entrenatzailea. Txapelketaren inguruan galdetuta, biek bat egiten dute. Gonzalezen arabera, «esperientzia polita» izan da, eta gustura itzuli dira han eginiko lanarekin. «Taldeak asko ikasten du horrelako bidaietan, eta taldeko giroa hobetzen laguntzen du», gaineratu du entrenatzaileak.

Egun berezia izan zen atzokoa kadete mailako neskentzat. Festei hasiera ematearen arduraz gain, bazuten zer ospatua: Helsinki Cupen lortutako hirugarren postua. Motorrak berotzeko, ekipoko bazkaria egin zuten, eta Kanoikadaren ondoren ere, festarekin jarraitu zuten.

Martinez eta Gonzalez gainontzekoekin batera igo ziren atzo udaletxeko terrazara. Gonzalezek aitortu du albistea jaso zutenean ez zutela sinetsi: «Broma zelakoan geunden, baina benetan zebiltzala konturatu ginenean gustura hartu genuen». Martinez bera ere «gogotsu» dago, harentzat ere ezusteko handia izan baitzen Artillero abesteko gonbita.

Taldea denboraldi-aurreko entrenamenduetan murgilduta egon arren, ez da oztopo izango Aste Nagusiaz gozatzeko. «Badakigu parranda eta entrenamenduak uztartzen: entrenamenduak izanez gero, etxera lehenago joaten saiatzen gara», baieztatu du Gonzalezek.

Ostegunean izan zuten entsegu orokorra, bandarekin. Martinezek adierazi duenez, ez dute aparteko entsegurik egin: «Betidanik entzundako abestia izanik, osorik dakit, gutxi gorabehera». Gonzalezek, ordea, letraren beharra izango zutela aitortu du: «Guztiok dakigu abestiaren lehenengo zatia, bigarrena berriz... batek bakarrik daki».

Begi onez ikusten dituzte Aste Nagusiko egitarauan eginiko azken orduko aldaketak, musikaren atalean esaterako. «Etxean talde onak izanik, ondo iruditzen zait bertakoak jartzea: giroa euskaldunagoa izango da», adierazi du Martinezek. Gonzalez pozik dago aurtengoan Piratei kaia eman dietelako: «Bertakoa naiz, eta festa giroa etxeko atean izango dut». Aurtengo festak iazkoak baino hobeak izango direla uste du Gonzalezek: «Gazteentzako jarduera gehiago daude, eta kontzertuak egokiagoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.