Asteburuko proposamenak

Badatoz orgak eta joaldunak

Inauterien egun handia dute igandean Sunbillan, eta astelehen eta asteartean, berriz, Iturenen eta Zubietan

Astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatuko dira. JUAN CARLOS RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Baserrietako puska biltzearekin hasiko dituzte bihar inauteriak Malerrekako Sunbilla herrian (Nafarroa), baina egun handia igandean ospatuko dute, orgen desfilearekin. Urteroko ohiturari jarraituz, 11:30 aldera aterako dira karrozak herrian.

Puska biltzera herriko mutil gazteak bakarrik aterako dira bihar. Beste herri batzuetan ez bezala, Sunbillan oraindik gizonezkoak bakarrik ateratzen dira eskean. Soinu jotzailearekin batera, bi taldetan banatuko dira baserriz baserri eskean ibiltzeko. Afaltzerako denak elkartuko dira herrian, Uli Beltzak elkartean.

Larunbatean segida izanen du eskeak, eta mutil gazteak herrian barna ibiliko dira eskean. Afaltzera berriro Uli Beltzak elkartean bilduko dira. Baina sunbildarrentzat igandea izaten da egun handia. Orgak aterako dituzte kalera. Dozena bat ibiliko dira kalez kale, kolore biziz dotore apainduta. Beti bezala, desfilea irekitzen Uli Beltzak elkarteko hiru karrozak joanen dira. Ohiturari jarraituz, inauterietara joandakoei jatekoa eta edatekoa banatuko diete: arrautzopila, hezur salda, taloa, gaztainak eta ardoa eskainiko dituzte. Desfilearen ondoren, herri bazkaria eginen dute. Arratsaldeko musika emanaldiarekin bukatuko dira inauteriak.

Baina Sunbillan ez ezik, Iturenen eta Zubietan ere ospatuko dituzte hurrengo egunetan inauteriak. Larunbatean hasiko dituzte. Egunero bazkariak eta afariak eginen dituzte udal ganbaran. Zekorra hiltzen dute herriotan, eta harekin egiten dituzte otorduak. Asteburuan herrikoak bakarrik egoten badira ere, astelehenean eta asteartean herria bisitariz betetzen da joaldunen joan-etorriak ikusteko. Astelehenean Iturenen ospatuko da, eta, asteartean, Zubietan. Astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatuko dira. Iturengo Aurtiz auzora iristean, eta auzo horretako joaldunekin elkartu ondoren, Latsaga auzora joanen dira. Zubiburu parajean dagoen zubi gainetik pasa ondoren, Iturengo joaldunekin elkartuko dira herrian. 40-50 joaldunek Iturengo herriari itzulia emanen diote. Hurrengo egunean, asteartea, Iturengo joaldunek hartuko dute lekukoa. Zubietara joanen dira bisitan, eta herriko joaldunekin elkarturik, herriari itzulia emanen diote. Joaldunek bi lerrotan desfilatuko dute, joareak eta zintzarriak joaraziz eta isipuak mugiaraziz.

INAUTERIAK

Non. Sunbillan, Iturenen eta Zubietan (Nafarroa).

Noiz. Igandean, Sunbilan. Astelehenean eta asteartean, Iturenen eta Zubietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.