Komunikazioa. Ekografiak

Baina...

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Jakingo duzue berezia behar duela larunbat gauak ni etxean harrapatzeko. Ni eta ni bezalako asko, noski; baita zeu ere, akaso. Antzeko zerbait zioen, duela gutxi, Finlandia saio berriko lan taldeko kide batek elkarrizketa batean. Hori hartu dutela aintzat saioa sortzeko garaian. Zehazki, larunbat gauez telebista aurrean omen dagoen jendearen ezaugarriak. Familia giroan telebistari so daudenentzat ari direla.

Hori izan liteke, emanaldiaren errepikapenak aurrean egokitu zaizkidanetan, edukietatik hain urrun sentiarazi nauena. Baliteke, kale aldapatsu hartan kuadrilako lokala izan genuen urte haietan, erakargarri suertatzea Desapiyua tartea. Ustez lehia historikoa daukaten bi herritako lokalak bisitatu eta haietako bana lehian jartzen ditu, esaterako, ehun kroketa —haietako batzuk tabaskodunak— irensten edo simaur artean martxan jarri beharreko traktoreko giltzaren bila. Agian, Kerman mintzalagun iraulia den German el hablador gustatuko litzaidake jatorrizkoa ez balitzait desegokia iruditu. Inoiz bideo jokoak maite izan banitu —etxeko noizean behingo futbol partidez gain— gozatuko nuke asteroko gonbidatuak jolasean ikusiz, elkarren markak eutsiz, erridikulu sanoa egiten. Eta egoera berezi batean aurrean karabinarekin belarri gaineko txotxari tiraka eta hiru agure ohi bezala beroegiri galderak erantzuten. Baina ez, oraingoz, garai batean bezala, musika taldeen parodia txatxu eta dibertigarriek baino ez didate irribarrea eragin.

Hain zuzen, saioa aurkeztu zuten egunean emandako erantzunaren pareko eskaintza gustatzen zait niri talde horrengandik. «Zergatik deitu duzue Finlandia?», kazetariak. «Eta zergatik ez?». Hor dago gakoa. Izen hori barre egiteko aitzakia bat baino ez da. Hori gustatzen zitzaidan Wazemank-etik; hori —kosta bazitzaidan ere— Brinkola-tik; hori —une jakinetan bada ere— irratian egiten duten Oilategia-tik. Eta taldeko kideen umore ukaezinetik harago, gutxitxo du larunbat gauekoak saioaren izen absurdoaren ildotik.

Penatu egiten nau horrek. Iruditzen zait posible dela hori ere. Ez baitu jenderik entzuten kalean ikustako esketx hura etengabe errepikatzen. Ez didatelako postara inongo bideorik atxikita bidali. Ez duelako beste mugarri bat sortu. Eta aspaldi gaudelako horren zain. Posible delako gaitasuna baduen lan taldearekin. Baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.