Baionako festak Nunquam polluta

'I feel good'. Marengotik Upelgileenera

Nora Arbelbide Lete.
2010eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
A zken orenak. Uztailetik agorrilera doa denbora, ohartu gabean. Noiz ziren eguerdiak, noiz zen lo egiteko tenorea, noiz hasi da eguna, kafea... kafe ttott?... Jan ere, noiznahi, ala behin ere ez. Denbora txikle malgua bilakatua da. Nahi den bezala molda daitekeen alkohol gustuko txiklea. Denboraren neurgarri fidagarriena, basoa. Basoa bete, hustu, bete. Zenbatgarrena den gogoratzea, hori da lana.

Asteazkena urrun. Aspaldian markak harturik daude bestazaleak. Abiadura handian sartuak dira karrikak. Bidaiari batzuk mareak mindurik daude.

Itsasoan igerika aritzeko talentua ez da denei emana. Jende kopuru handiagatik nehoiz baino hurbilago dauden gorputz ezezagunekin gertutasun intimoan, izerdi nahasketen erdian, laster ito daiteke. Eta begiradetan, irri busti zabala, dantzatzeko gomita egiten duena.

Horra hor James Brown, preseski, erritmoa emateko prest. I feel good. Ontsa da artista, eta entzuleei ere ongi izatearen sentipena sentitzera gonbidatzen du. Non, eta Upelgileen karrikan. Brown jauna Patxoki ostatutik entzun daiteke. Upelgileen karrikako 23. zenbakian. Artistak ez dauzka urrun, Fermin Muguruza, Gari, trikiti soinuak, eta besteak. Patxokiko bozgorailuetatik jalgi soinuekin mundu batetik bestera jauzi egiten da, leku berean geldituz. Eta ikusiz zenbat jende baden karriketan, batzuetan hobe. Leku segurua da Patxoki ostatua, Baionako gune anitzetan entzun daitekeen Paquito Chocolatero eta gisa bereko musikatik babestua izan nahi duenarentzat. Baita zuri eta gorriz jantzi ez denarentzat. Hortik kanpo bat baino gehiago hasiko baitzaizkio builaka, ez duelako jantzi zuri eta gorria. Besten izpiritua ez errespetatzea leporatuz. Iduriz eta itxurak egiten duen dena. Bistan dena, zuriak zuri izan behar du. Baionako bestak «merezi» duten bestak dira, antolatzaileetako bat den Henri Lauqueren hitzetan. Baiona hiriaren Numquam Polluta (nehoiz ez zikindua) leloak zaindari anitz dauzka. Bizkitartean, jantziak kritikatzaileak berak dira errespetu eskasa erakusten dutenak.

Patxokin horrelakorik ez, normalki. Faxismoaren aurkako gune ofiziala da, eta horrek ere, iduriz, badu oraindik berretsi beharra. Alabaina, hiru gazteri eraso zieten ostiral gauean Baiona Ttipitik ateratzean. Erasotzaileak nor diren ez da jakina, baina hiru mutiletako batek nazien ikurra zikin ontzira botatzen duen irudia zeukan bere kamisetan. Horren kentzera behartu zuten. Kendu eta lekutu ziren.

Duela 23 urte ireki zuten Patxoki ostatua. 1987ko Baionako bestak izan zituen bere lehenak. Abertzale eta rock mobidatik heldu ziren Patxa elkartekoen egoitza zen. Elkarte antifaxista, bortxaketen aurkako dinamika, antimilitarra, errepresioaren aurkakoa eta beste.

Gaur egun, urte osoan elkarte andana bati prestatzen diote ostatua, ez baitezpada abertzaleei, ez politikoei baina Patxokiko balioetatik hurbil daudenei. Besteak beste, euskal kultura errespetatzen dutenak. Gero, elkarte horietako kideak Patxoki irekitzen laguntzen diete Baionako bestetan.

Hori bai, aurten, maingu gelditzen da lekua. Izan ere, Patxoki ostatuaz gain, bertako giroa Upelgileen karrikan gaindi hedatzen zela, parean, Xilko herriko taberna zuen, iaz arte. Batetik bestera pasatuz, bien artean halako leku berezi bat sortzen zen. Orain Xilkoren ordezl'Estafette da ostatua. Pribatu baten esku dago eta giroa ez da bera.

Patxokitik atera eta, paraleloan daukan Marengo karrikan Kalostrape ostatua du mundu berean murgiltzen den ostatu hurbilena. Bertan, euskaraz ari da mundua. Etxea AEKrena du. Gaineko partean ematen dituzte urte osoan euskarazko kurtsoak.Ostatu eta jatetxearen kudeatzailetza kanpoko batek egiten du. Besten garaian, jatetxeko zerbitzatzean AEK-ko ikasle eta irakasleak dauzka lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.