Bakea eskatzeko bide gazia

Gandhiren gisara, Artamugarriak taldeak gatza egiteko martxa egin zuen Obanosen (Nafarroa) bakearen alde. Orain, egitasmoa azaltzen duen erakusketa antolatu du artista nafarren taldeak.

AMAIA ALVAREZ OBANOS
2008ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Mahatma Gandhik 1930eko martxoaren 12an gatzaren martxa hasi zuen.Indiak britaniar inperioarekiko independentzia lortzeko lehen urratsa bilakatu zen pausoa. Ekintza hura oinarri hartuta, Artamugarriak taldeak, BatzArt! ekimenaren bidez, gatzaren martxa antolatu zuen abuztuaren 15ean, Obanosen (Nafarroa). Orain, biolentziarik gabeko jarrera aktiboa defendatzen duen artista nafarren taldeak egitasmoaren inguruko erakusketa egin du; Obanosko udaletxean bisita daiteke, 19:00etatik 21:00etara, irailaren 3a arte.

Sinbologia dario erakusketari. Aulkiz inguratutako gatz pila bat duen instalazio bat da elementu nagusia. Mikel Mendibil artistak azaldu duenez, gatzaren martxaren bitartez «Euskal Herriko prozesuari irtenbide baketsua emateko bidea» defendatu nahi dute. Horretarako, Obanostik hiru kilometrora dauden gatzagetara joan eta tona erdi gatz egin zuten. Hurrengo pausoa gatz hori Donostiako Gros hondartzara eramatea izanen da. Urriaren 19an, Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunekin batera, Bakerako espazio-denbora sortu izendatu duten ekitaldia eginen dute.

Nolanahi ere, gatzaren erakusketak Obanosko historian erreparatzeko helburua ere badu. Izan ere, herriko historia gatzagei lotuta egon da duela 25 bat urte arte, produkzio jarraitua eten zuten arte. Halaber, Eunate eta Arnotegi mendien artean dauden gatzagak Nafarroako zaharrenetarikoak dira, X. mendekoak zehazki. Erakusketan, bada, argazki zaharrak, gatzaren produkzioari lotutako lanei buruzko dokumentuak eta gatza egiteko objektu etnografikoak daude ikusgai.

Taburik gabeko eztabaidak

Zeinbait artistak bultzatuta (Patxi Alduna, Iñaki Arzoz, Alfredo Murillo eta Mendibil bera, esaterako), bake prozesua eta partaidetza-demokrazia sustatzeko ekimen artistiko gisa sortu zen 2006an Artamugarriak. Harrezkero hainbat ekintza antolatu ditu taldeak, tartean iragan ikasturtean Uharteko erromesen aterpean elkarbizitza eta parte-hartzea lantzeko helburuarekin egindako tailerrak. Aurki hasiko dituzte berriro euskal gatazka hizpide izanen dituzten tailer horiek, eta oraingoan, gainera, sormenari (antzerkiari, musikari...) lotuta egonen dira.

Tailer horiek «tabuak hausteko» balio dute, Mendibilen aburuz, «askotan konplexuak izaten baititugu gatazkari buruz hitz egiteko». Hortaz, epe laburreko fruituak eskuratzen ari direla uste du artistak. «Gainera, gero eta jende gehiagok defendatzen du indarkeriarik gabeko jarrera aktiboa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.