«Bakoitzaren estiloan, artisten lanak oso esanguratsuak dira»

Eskarmentu handia du Usoa Zumeta usurbildarrak artelanen edizioan. Hainbat artistak egindako lanak serigrafiatu ditu, eta Usurbilgo Sutegi aretoan bildu ditu erakusketa batean.

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Usoa Zumetaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1969) erakusketa zabalik dago Usurbilgo Sutegi aretoan. Hainbat artistarekin egindako lanen aukeraketa bat da, eta urriaren 23ra arte edukiko dituzte. Astegunetan, arratsaldeetan izango dira zabalik erakusketako ateak, 16:00etatik 19:00etara. Larunbatetan, goizez eta arratsaldez bisitatu daitezke artelanak, 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Jaiegunetan, 11:30etik 14:00etara ikusi ahalko da erakusketa.

Zer ikusiko dute erakusketara bertaratzen direnek?

Hainbat artistaren 29 lan daude paretetan zintzilikaturik. Tartean daude hauen margolanak: Koldobika Jauregirenak, Jose Luis Zumetarenak, Nestor Basterretxearenak, Juan Luis Goenagarenak, Blamirenak eta Judas Arrietarenak. Gero, beste karpeta batean, beste hainbat artistaren aukeraketa bat dago.

Zein da, zehazki, zuk artelan horietan egindako lana?

Hein batean lan guztiak nireak dira. Teknikoki nik eginak dira,nik serigrafiatu ditut. Noski, sortzaile lan prozesu hori ez da nirea, lehen aipatu artistena baizik. Eskulturan hobe uler daiteke hori: eskultoreek maketa bat egiten dute, eta beste nonbaitera bidaltzen dute hori egitera. Nik bitartekari lan hori egiten dut.

Nola egiten da serigrafiako lan hori?

Estanpazio teknika bat da, eta artistarekin elkarlan bat dago. Original bat egon daiteke erreproduzitzeko. Horri jarraiki, artistak koloreen banakatze bat egiten du, eta kolorez kolore berriro margotzen du marrazkia. Proba batzuk egiten dira, eta artistak gustuko duen emaitza batera iristen gara. Originalik gabeko teknika bat egon daiteke ere, hau da, sortze prozesu batekin. Estanpatzen hasi, eta hortik aurrera, marrazkia sortzen da.

Zer dela-eta erabaki zenuen erakusketa martxan jartzea?

Edizio munduan hainbat gauza eginak nituen. Azken lau-bost urteetan, tailerrean hainbat lan bildu ditut, eta interesgarria iruditzen zitzaidan denak batera jartzea erakusketa batean, oso desberdinak baitira. Bakoitzaren estiloan, artisten lanak oso esanguratsuak dira. Erraz bereiz daiteke bakoitzaren obra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.