Bala hotsak Arkamon eta Badaian

'Algo más que morir' westernerako agertoki bihurtu dituzte Zuhatzu Kuartangoko kaleak Jose Luis Murga eta Oier Martinez zuzendariek, herritar askoren laguntzarekin.

Gasteiz
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Jose Luis Murga Villamancan jaiotako euskal Clint Eastwood esango diote inguruko ezagunek. Arizonako basamortu bihurtu berri du Arkamo eta Badaiako ingurunea. Zuhatzu Kuartango herria (Araba) Kuartk Valley bihurtzea lortu du azken bost urte hauetan. Horixe izan da Jose Luis Murga eta Oier Martinez zuzendariek Algo más que morir (Hiltzea baino zerbait gehiago) westerna filmatzeko behar izan duten denbora.

Zuzendari, gidoilari eta aktore nagusiaren rola egiten du Murgak bere lehen filmean, lana bera ekoizteaz gain. 18 urte zituela egin zuen western generoko film labur bat grabatzeko lehen saioa. Proiektu hura, ordea, ez zen ongi atera, eta 30 urte geroago ametsa betetzea lortu du. Aspaldiko arantza hori ateratzea lortu du; «Jose Luis Murgari betidanik gustatu izan zaizkio westernak», dio Oier Martinezek. Zuzendari eta kamerari lanetan aritu da hura. Bilboko IMVAL zentroan ikasketak egina da Martinez. Canal Gasteizen ere aritua da, eta zenbait film labur zuzendu ditu orain arte. «Proiektua ez nuen ezagutzen Murgak eskaintza egin zidan arte; gogotsu hartu nuen lan berezi hau», adierazi du Martinezek. Hasieran, film labur bat egitea zen haien asmoa. Baina «50 orriko istorio bat zuen esku artean Murgak, eta ezin zen aldatu, eta, azkenean, filma egitea erabaki genuen bion artean». Bataren ametsa betetzeko nahiarekin eta bestearen lanerako gogoarekin, euskal jatorriko lehen westerna filmatzea lortu dute.

Istorio zalapartatsua

Bala eta gaizkilerik zikoitzenen artean ibili ondoren, armak uztea erabaki du Dick Murray protagonistak. Kuartk Valleyn etxalde bat erosi eta familia bat osatzeko asmoa gailentzen zaio gaizkile ohiari filmean zehar. Ezkondu eta emaztea haur baten esperoan dela, Pat anaia liskarzale eta alkoholaren menpekoaren bila abiatuko da, bizitza okerretik aldendu eta bere etxean lanean jartzeko asmotan. Bidaiatik bueltan, ordea, agintari kazike bat dela medio, herria erabat aldatuta topatuko du Murrayk. Bere herriaren ongizatearen babesaren izenean, borroka latzak egin beharko ditu kazikearen boterea gain behera jartzeko.

Arabako Foru Aldundiak 6.000 euroko laguntza eman zien egileei filma egiteko. Diru horrekin Kuartk Valley herrixka sortu zuten. Horrez gain, Kuartangoko Udalak 1.200 euro ipini zituen proiektuan, atrezzo eta jantziak ordaindu ahal izateko. «Gainontzekoa gure patrikatik aterada».

Filmean pisu gehiena, ordea, aktoreen banaketak hartu du. Herritar talde batek hartu du parte filmaketan. «5 urteko adinetik 80 urtera bitarteko 30 bat lagun izan dira aktoreak. Herritarren prestasuna eta laguntzeko gogoa azpimarratzekoak dira. Oso gustura geratu gara alde horretatik».

Almeriako Tabernas aldera joateko asmoa zuten filma testuinguruan kokatzeko. Baina, azkenean, herrian bertan sortu duteKuartk Valley herrixka. Beharrezko materiala lortu ondoren, asteburu eta jaiegunetan ere arituz, lana amaitzea lortu dute. «Kaleak, egurrezko etxeak, garaiko bankua, ostatua eta beste hainbat eraikin egiteko, lan handia egin behar izan da, denbora asko kendu digu, baina une oro laguntza izugarria izan dugu herritarren aldetik».

Jantzien kontua ere ongi egin beharreko zerbait zen. Hango emakume talde bat aritu da buru-belarri jantziekin. «Inora mugitu gabe, bertara ekarri dugu Arizonako basamortuaren ingurunea».

Aretora bidean

Bost urteko lan luzearen ondoren, amaitu da filmaketa, baina oraindik ez da bukatu lana. Hurrengo urratsa produkzio ondokoa izango dute: hartualdiak muntatzea, soinua, musika... Hainbat aldagai gehitu behar baitzaizkio oraindik Algo más que morir westernari, hura amaitutzat jotzeko.

«Guztia burutzen dugunean, Gasteizko aretoren batean eman nahiko genuke. Ohiz kanpoko filma izanik, iruditzen zaigu etorriko dela jendea. Egia esan, parte hartu dugun guztiok eta gure ingurukoak, behintzat, gogo biziz gara lana amaituta ikusteko», dio Martinezek.

Murgak ametsa betetzea lortu du; Martinezek, bide bertsuan jarraituko du beste lanen batekin, eta Euskal Herriko zinemak, berriz, genero honetako lehen bala plazaratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.