Zurezkoa, arina, eraikitzeko sinplea, eta gisa bereko ontziak baino eskuragarriagoa —erdi prezioetan— Balea ontziak abantaila bat baino gehiago ditu. Oraino plano batean da ontzia, eta maketa txiki bat ere badu. Baina heldu den agorrileko egiazko bat egitekotan da horren asmatzaile Philippe Saint-Arroman.
Izatez, Balea belaontzi arraunduna da. Oinarrian ontzi arraunduna da, non usu alderantzizkoa den, hau da, oinarrian, bela da. Honek bela du, hasian hasi, haizea delarik, haizea erabiltzeko, besterik gabe. Hori izan daiteke berezitasunetako bat, Saint-Arromanen iritziz. «Arraundun on bat egiten ahalegindu naiz. Eta horretarako ditu, menturaz, hemengo formak. Arraunaren tradizioa handia baita Euskal Herrian, belarena baino gehiago. Ez baita hainbeste haizerik hemen. Azken finean, euskal ontzi baten itxura duen ontzi bat atera da. Euskal ontzi garaikide bat».
Berez, ez zen baitezpada egilearen xedea euskal tradizioa jarraikitzea: «Ez da menderatu dudan elementu bat». Baina, dena den, bere jakintza guztia buruan gordea du: «Zerbait polita egiten saiatu naiz. Eta inkontzienteki hor sartzen duzu zure kultura, zure sentitzeko manera».
Itsasontzietako zurgina da ofizioz Saint-Arroman, Escumayres-Talasta elkartearen barnean. Berriki arte Baionan jarria zen elkartea. Larrazkenetik Lehuntzen da (Lapurdi), toki zabalago batean. Besteak beste, zurezko batel baten eraikitzen ari da, adibidez, memento honetan. Normalki zurezko batelak 300 kilo pisatzen baditu, honek lortu du 100 kiloko bat egiten. Lan berezi batean ere ari da, beste elkarteko kideekin: Coralin Aturriko ontzi tradizionalaren baloratzen, hots, bere egunerokoaren haritik bazuen nondik edan, Balea-ren proiektua abiatu zuelarik.
Segurtasunaren zailtasuna
Proiektua Arroxelako nazioarteko ontzien azokako (100.000 bisitari) zurezko ontzien sailak eta Le Chasse Marée itsas aldizkariak antolatutako lehiaketari erantzuteko muntatu zuen espresuki. Itsasoan arin ibiltzeko aukera ematen zuten motorrik gabeko ontzien asmakuntza sustatzeko sortu lehiaketa, hainbat baldintza bete behar zituenak. Kargu kaiera aski hertsia zen. Eta, bereziki, arina eta aldi berean segurua den ontzi bat egitea, hori izan da zailtasun handienetako bat.
Desafioa gustukoa ukan, eta Saint-Arromanek lehiaketan parte hartzea erabaki zuen, ontziak marraztea biziki gustuko baitu. Matematika eta fisika egiten jarri, kalkuluetan murgildu, maketa egin, proiektua aurkeztu eta bigarren saria eskuratu du. «Gutxigatik» huts egin du lehen lekua. Eta, dena den, saria bera du. Egiazkoa eraikitzeko behar den materialaren erdiaren ordainketa eta ontzia heldu den urteko azokan erakutsia izatea. Beste erdia ordaintzeko laguntza publikoa eskuratzea espero du orain Saint-Arromanek. Baina hori baino harago, ontzien gustua duenak ditu jomugan zurginak. Behin egiazko ontzia egin eta, liburuxka bat aterako du, ontziaren planoek osatuko dutena: «Egileak zura moztu eta zein lekutan jarri ikus dezan, jakintza berezirik gabe. Tresna sinpleekin, supermerkatuan aurki daitezkeenak». Ontzigintza ez dadin bakarrik «elite» baten eskura gelditu.
'Balea', euskal ontzi garaikidea
Itsasoan arin ibiltzeko lehiaketaren bigarren saria irabazi du Philippe Saint-Arroman asmatzaileak. Ahal bezain publiko zabal batentzat eskuragarria izateko pentsatu du 'Balea' belaontzi arraunduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu